argia.eus
INPRIMATU
NBEren errelatorea zigortu dute AEBek, Palestinako genozidioari buruzko txostena argitaratu eta egun gutxira
  • Ondasunak blokeatu eta trantsakzio ekonomikoak egitea debekatu dio Washingtonek Frances Albanese NBEk Palestinar Lurraldeetan duen errelatore bereziari. Nazioarteko Zigor Auzitegian "Israel eta AEBetako herritarrak ikertzeko ekimenetan zuzenean kolaboratzea" leporatu dio. Errelatoreak berriki txostena argitaratu du, eta multinazional eta erakunde ugari Palestinako genozidioaren konplize direla ondorioztatu du bertan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko uztailaren 10
Francesca Albanese NBEn Palestinako Lurraldeetarako errelatore bereziak, sarritan salatu du palestinarren kontrako genozidioa. Midle East Monitor

Francesca Albaneseri ez zaio merke aterako bere lana NBEren Palestina Lurraldeetako errelatore berezi moduan. Lehendik ere Tel Avivek pertsona non grata izendatu zuen eta debekatu egin zion Gaza eta Zisjordaniara bidaiatzea, eta bai Netanyahuren gobernuak bai AEBetakoak kargutik kentzeko ahaleginak egin dituzte.

Baina Albanesek jarraitu du erakunde ofizial horretatik salatzen Israel Palestinan egiten ari den genozidioa, eta hori bakarrik ez, uztailaren 3an argitaraturiko azken txostenean genozidio horren atzean dauden multinazionalen interes ekonomikoak ere jarri ditu luparen azpian. Bere esanetan, genozidioa oso "errentagarria" da enpresa eta erakunde askorentzat, eta arduradunak pertsegitu eta zigortu beharko lirateke konplizitate horrengatik.

Txosten zorrotz hori argitaratu eta egun gutxira, zigortu dutena bera izan da. Benjamin Netanyahu Israelgo burua Etxe Zurian bisitan dela, AEBetako Estatu idazkari Marco Rubiok asteazkenean jakinarazi du Albaneseren kontrako zigorrak ezarri dituztela, Donald Trump AEBetako presidenteak bere eskuz sinaturiko dekretu baten bidez. Hala, herrialde horretan dituen ondasunak eta aktiboak blokeatu dizkiote eta ezin izango ditu diru-eragiketak egin. Gainera, seguruenik ezin izango du hara bidaiatu.

Benjamin Netanyahuk Etxe Zurira egindako bisita aprobetxatu du AEBetako Gobernuak Albaneseren kontrako zigorrak iragartzeko. Irudian, Netanyahu lehen planoan, atzealdean Marco rubio AEBetako Estatu idazkaria eta Donald Trump presidentea. Etxe Zuria

Washingtonek esan du Albanesek "zuzenean kolaboratu" duela Nazioarteko Zigor Auzitegian "Israel eta AEBetako herritarrak ikertzeko ekimenetan". Auzitegi hori 2023ko urriaren 7az geroztik Palestinan eta Israelen gertatu diren gizateriaren kontrako krimenak ikertzen ari da. AEBak eta Israel ez daude auzitegia oinarritzen den Erromako Estatutuaren barruan, eta "urraketa larri" hori erabili du Trumpen gobernuak Albanese zigortzeko.

Esan liteke Albanesek bete-betean asmatu duela txostenaren ondorioetan: "Genozidioa ez bada orain arte gelditu, hori izan da jarduera oso lukratiboa delako askorentzat"

Rubiok ez du ezkutatu AEBek behin baino gehiagotan egin dutela Albaneseren kontra, eta "antisemitismo lotsagabea" egotzi dio. Atzean, baina, NBEko errelatoreak idatzitako azken txostenaren ondorioak daudela ikus liteke. Izan ere, Estatu idazkariaren esanetan Albanese "mehatxu gutunak" bidaltzen aritu da AEBetako enpresa askotara: "Ez ditugu onartuko gure interesak mehatxatzen dituzten gerra politiko eta ekonomikoko kanpaina horiek", esan du.

Erreakzio hori ikusita, esan liteke Albanesek bete-betean asmatu duela txostenaren ondorioetan: "Genozidioa ez bada orain arte gelditu, hori izan da jarduera oso lukratiboa delako askorentzat".