Inkomunikazioak eta tortura salaketak ez ikertzeak giza eskubideak urratzen dituela ohartarazi dio Nazio Batuen Erakundeak Espainiari, plazaratu berri duen azterketan jaso duenez.
Atxilotuen segurtasun falta eta tortura salatzen dutenentzako dauden baliabide legal urriak nabarmendu dituzte txostenean. Era berean, Melillako etorkinen egoera azpimarratu dute.
EBko estatu gehienek Espainiari gomendatu diote tortura salaketak instituzio independenteek ikertu ditzatela. Herbereek, Australiak eta Frantziak, esaterako, tortura salaketek aurrera egiteko eta biktimari laguntza eta baliabide administratibo eta judiziala eskaintzea aholkatu diote.
Polonia atxiloketa eta atxilotuen zaintzaren kontrola egitearen alde azaldu da. Alemaniak Giza Eskubideen nazioarteko estandarrak betetzeko premia azalerazi du. Izan ere, Alemaniaren arabera, Espainiak poliziaren gaineko kontrol mekanismoren bat izan beharko luke balizko tortura kasuak behatuko lituzkeena.
Hungariak inkomunikazioarekin bukatzeko eskatu eta tortura eta tratu txarrekin amaitzeko neurri zehatzak eta praktika adierazgarriak batetik eta mekanismo eraginkorrak bestetik sortzea gomendatu dio.
Irlandak eta Austriak, besteak beste, inkomunikazioa zalantzan jarri dute, eta Alemaniak egin bezala, Giza Eskubideen nazioarteko estandarrak betetzea eskatu dute.
Txekiar Errepublikak terrorismoaren aurka Espainiak duen legeria aztertzeko premia azpimarratu du. Estatu honek, inkomunikazioa jomugan izan du bere oharretan.
Espainiako Gobernuak, ordea, ez du inkomunikazioaren inguruko ezer aipatu helarazi duen erantzunean. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak tratu txarren kasuen aurrean neurri diziplinarioak dituztela azpimarratu du soilik.