argia.eus
INPRIMATU
NBEk Gazako gerra krimenak ikertuko ditu
  • Nazio Batuen Erakundeak batzorde bat izendatu du Gazako zerrendan izandako gerra krimenak eta giza eskubideen urraketak ikertzeko. Batzordeak Israelen azken erasoetan urratutako giza eskubideen naziorteko arau guztiak aztertuko dituela adierazi du.

Judith Perez @judyjudd 2014ko abuztuaren 12a
Soldadu israeldarrak (argazkia: Abir Sultan/EFE)

Batzordeko burua  William Schabas nazioarteko zuzenbideko irakasle kanadiarra izango da. Honekin batera Doudou Diene giza eskubideetan aditu senegaldarra arituko da. Hirugarren kidea Amal Alamuddin abokatu britainiarra dela zabaldu da, baina honek ukatu egin du.

NBEk ohar batean adierazi du batzordeak “2014 ekainaren 13tik aurrera izandako nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta giza eskubideen urraketa guztiak” ikertuko dituela. Txostena 2015eko martxoan emango diote NBEren Giza Eskubideen Batzordeari.  

Israelek NBEren erabakia “parodiatzat” jo du, eta Hamasen kontrako ikerketa egiteko eskatu dio, eskolak armen biltegi bezala erabiltzeagatik. Hamasek, bere aldetik, erabakia txalotu du.

Negoziazioek jarraitzen dute Egipton

Igande gauerdian 72 orduko su-eten berria hasi zen Gazan. Bi aldeak barealdia errespetatzen ari direnez, astelehenean negoziazioei berriro ekin zieten Kairon,  Egiptoren bitartekaritzarekin. Hala ere, negoziazioak ez dira emaitzak izaten ari, bi aldeen jarrerak urrun daudelako oraindik. Hamasen baldintza nagusia Gazako blokeoarekin amaitzea da. Israelek, aldiz, Hamasen desarmatzea eskatzen du.