NBEren zenbaketa gutxi gorabeherakoa dela esan du Navanethem Pyllai Giza Eskubideen goi komisarioak. Euren iturriek jaso ez dituzten hildakoak daudela adierazi du.
NBEk jaso dituen datuen arabera, gatazka hasi zenetik azaroaren 30a bitartean 59.648 ziren hildakoak. Pyllaik esan duenez, ezin izan dituzte hildako guztiak zenbatu, gatazka hasi zenetik ez dietelako herrialdean sartzen utzi: "Behin bakea lortuta jakingo dugu zenbat izan diren hildakoak eta nortzuk ordaindu beharko duten egindakoagatik”.
Goi komisarioak jakinarazi duenez Gobernu siriarrak “indar neurrigabea erabili du armarik gabekoen eta hasiera batean manifestazio baketsuak zirenen aurka”. Pyllaik esan duenez “beste milaka pertsona hilko dira baldin eta gatazka azkar konpontzen ez bada”. Nazioarteari ere konponbidea bilatzeko eskatu dio: “Non da nazioartea? Zergatik ez du sarraski hau geldiarazten?”. Bestalde, NBEren Segurtasun Batzordeak ezer ez egiteak “lotsagarri” uzten dituela jakinarazi zuen.
Atzo hainbat hildako (40-70 bitartean) utzi zituen Damasko inguruetan izandako aire bonbardaketa batek eta Muazamiya herrian izandako beste batek, hamabi.