argia.eus
INPRIMATU
“Espainiako Auzitegi Nazionaleko forentseek torturak ikusi dituzte, baina ez dituzte salatu”
  • Zortzi medikuz osatutako talde argentinarrak Auzitegi Nazionaleko mediku forentseak salatu ditu Ginebran dagoen Munduko Medikuen Elkartean.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko ekainaren 03a
Besteak beste Unai Romanoren kasua salatu dute mediku Argentinarrek

Arau urratzeak Susana Etchegoyen mediku argentinarrak zuzendutako taldeak salatu ditu. “Nahiz eta kasu gehiago izan, 6 pertsonen aferak bikain dokumentatuta daude”. Ainara Bakedano, Anabel Prieto, Beatriz Etxebarria, Sandra Barrenetxea, Gorka Lupiañez eta  Unai Romanoren kasuak aditzera eman dira. Denak bortizki torturatuak izan ziren Guardia Zibilaren eskutik:  Poltsa, elektrodoak, bortxaketak eta bainera bezalako metodoak jasan behar izan zituzten.  Etchegoyenek gaineratu du “zalantza izpirik gabe” tortura jasan duten pertsonak direla eta ez dagoela “inolako modurik metodo hau justifikatzeko”.

Salatzaileek 6 preso horien senide eta forentseengana jo zuten informazioa jasotzeko. Erietxeetan presoak hartatu behar dituzten medikuen babesgabetasuna ere salatu dute. Azterketak medikuak kartzelarien presentziaren aurrean eta presoak eskuburdinak jarrita egin behar dituztela ere eman dute aditzera.

Salatzaileen arabera, nahiz eta medikuak ez diren torturak agintzen dituztenak, metodo hau Auzitegi Nazionaleko forentse taldea sistematikoki errepikatzen den modus operandi bat dela. “Salatzen dugu, nahiz eta Auzitegi Nazionaleko forentse taldeak torturak ikusi, hauek salatu ez izana. Hau guztia dokumentatuta dago. Hau oso larria eta onartezina da”

Espainiako Auzitegi Nazionaleko medikuei torturaren konplize izan eta arau etiko guztiak urratu izana leporatzen diete.

Espainia tortura kasuak ez ikertzeagatik kondenatuta

Ez da lehenengo aldia nazioartetik Espainiako Estatua salatua izan dela. Giza eskubideen Europako auzitegiak jada 5 aldiz zigortu du Espainia tortura kasuak ez aztertzeagatik. Azkeneko afera 2011 urtean Ekinen aurkako polizi operazioaren Guardia Zibilak atxilotu eta inkomunikatu zuen Jon Patxi Arratilena izan zen. Poltsa egin ziotela esan zuen, baita elektrodo eta bortxaketa simulazioak jasan zituela ere.