Mediterraneo inguruko komunikabideetan gertakariak presentzia handia du. Aldiz, Alemanian isiltasun handia dago, eta Erresuma Batuan nahiko atzean ematen dute notizia.
Alde handia dago herrialdetik herrialdera. Al Jazeera-k, esaterako, irudi gogor bat dakar lehen lerroan: ontzi bateko aktibistak besoak altxatuta, eta bi militar israeldar arma bat burura zuzentzen. Flotillako eledun Saif Abukeshek-ekin hitz egin dute, eta horrek esan du "ahal den guztia" egingo dutela oraindik atzeman ez dituzten ontziak Gazara heltzeko. Informazio asko ari da biltzen komunikabide arabiarra.
Middle East Eye-n ere fokua ipini dute Abukeshek-ek esan duen horretan, eta mapa bat dakarte goizeko lehen orduan, lehen lerroan, ontzien egungo kokapenarena. Goizeko 9:30ean, bi komunikabide horiek aipatzen ari dira Global Sumud Flotillak zabaldutako informazio hau: espedizioko ontzietako bat Gazako kostaldean da.
Mediterraneoan, presente
Europan, oihartzunik gehientsuenetakoa du Italian. La Repubblica egunkariak, webguneko azalean goi-goian ipini ditu Israelgo armadak ontzidiari eginiko erasoak, bideo ugari, eta alderdi eta kargu nagusien erreakzioak gero. Gaur greba orokorra deitua denez Italian, horri begirako artikulua ere badauka: “Ostegunean Salviniren aurkako eraso orokorra”.
Antzera Corriere della Sera-n. Fokua ipini dute bart gaueko mobilizazioetan, besteak beste, diote Milanen bost mila manifestari baino gehiago elkartu direla asanblada egiteko, Roman beste mordoxka bat, Firenzen, Napolin, Turinen eta Bolonian trenbidea moztu dute... Egunkariko azalean, "abordaia" eta "blokeoa" hitzak erabili dituzte.
Grezian ere ari zaie jarraipena egiten flotillaren atzemateari. To Bhma egunkarian irakur daiteke Greziako Gobernuak ez duela "ganorazko erreakziorik" egin, horregatik ez dutela jaso albistean; eta, aldiz, flotillakoen mezuak ez ezik, nazioarteko hainbat agintariren erreakzioak jaso dituzte: esaterako, Malaysiako lehen ministro Anwar Ibrahimek esan du "onartezina" dela Israelen jarrera. Manifestazioak ere gertatu dira Grezian, tartean Atenasen, eta martxak deitu dituzte gaur arratsalderako Israelgo enbaxaden aurrean.
Turkian, bestalde, Daily Sabah egunkariaren lehen lerroan irakurri dugu atzeman ez dituzten flotillako ontziek aurrera segituko dutela. Turkiako Gobernuak, bestalde, Israelek egindako "beste eraso terrorista bat" izan dela esan du.
Frantziako eta Espainiako Estatua
Frantzian ez du horrenbesteko protagonismorik gaiak. Le Monde-ren azalean ez dator aipamenik ere. Webgunean, bera gehiago ari da Frantziak Erresuma Batuarekiko duen mugan dagoen migratzaile trafikoari buruz idazten, eta Le Figaro-k Parisko alkate Anne Hidalgori buruzko eta gaurko sindikatuek deituta daukaten grebaren inguruko informazioa dakar.
Bigarren lerroan badute, ordea, flotillaren inguruko informaziorik, biek titular bertsuarekin: "Israelek flotilla atzeman du", diote. Le Monde-k gehiago kontatu du Le Figaro-k baino: lehenbizikoak argazki bidez kontatu ditu Italian, Espainiako Estatuan, Grezian, Turkian, Mexikon eta Argentinan bart jazo diren protesta; eta bigarrenak, berriz, nazioarteko erreakzioen bilduma bat egin du. Libération-ek ere beste bi horien titular bertsua dakar gaur, baina kakotxen artean ipinita "atzemate" kontzeptua.
Espainian, egunkarien atari digital askoren lehen lerroa hartu du flotillak. El País, esaterako, uneoro eguneratzen ari da zenbat ontzi geratzen diren Israelgo armadak atzeman gabe, eta kazetari bat barnean dutela diote, oraindik ere Gazara bidean. Editoriala, dena dela, ez diote gaiari eskaini. Ezta elDiario.es-en ere. Aurrekotik bereizteko, Bartzelonako alkate ohi Ada Colauren azken bideoa ipini dute lehen lerroan ikusgai, ontzietako batean doalako. Eskuineko prentsak, bestalde, ez dio apenas protagonismorik eman gaiari. El Mundo egunkariak txikian eskaini du, informazioa soilik, argazkirik eta baloraziorik gabe. ABC egunkariak, aipatu ere ez. Eskuin muturrak, bestalde, pro-Hamas adiera darabil flotillaz mintzatzeko.
Bartzelonatik irten zen flotilla, tartean badira ekintzaile kataluniarrak, eta Herrialde Katalanetako komunikabideak ari dira jarraipen berezia egiten. La Vanguardia-k garrantzia eman die antolakuntzaren adierazpenei: bertako kide batekin ari dira hizketan, haien egoeraren berri ematen. Directa-n gauean egin dute zuzeneko jarraipena, eguneraketa bakoitzean bereizgarri gisa ipinita Herrialde Katalanetako militanteen ontzidiaren berri. Ara egunkariak, bestalde, nabarmenduta, iritzi artikulu bat eskaini dio gaiari titular honekin: "Flotilla, anekdota bat gehiago Netanyahurentzat".
Erresuma Batuan, atzean
Europa Mendebaldeko komunikabideak kontrastatuta, nabarmena da Erresuma Batuan presentzia gutxi dutela ontzidiari loturiko gertakariek. BBCren atari digitalean, esaterako, lehenago aurki daitezke Europak Errusiarekin dituen azken gorabeherei buruzko notiziak, AEBetako barne politikakoak, Jane Goodallen heriotza... BBCk bereizgarririk gabeko kontakizun bat egin du gaiaz, baina Palestinaren inguruan, Hamaseko buruzagi batekin hitz egin dutela diote: haren esanetan, Trumpen proposamenak ez ditu konplitzen palestinarren eskakizunak.
The Guardian eta The Telegraph komunikabideek ildo antzekotik jo dute. Atxiloketen irudiak ipini dituzte, biek ala biek Greta Thunberg aktibistarena. The Guardian-ek nabarmendu du Gazatik gertu zeudela, 75 itsas miliara, eta Palestine Action taldeak mobilizazioak deitu dituela azpimarratu.
Alemanian, labur
Die Welt-ek ez dakar deus azalean, ezta Die Tageszeitung-ek ere. Der Spiegel-en behean dator aipamena: "Itxuraz Gazara bidean segitzen dute flotillako hamarnaka ontzik". Argazkian, flotillako ontzi bat ageri da artxiboko irudian, itsaso bare batean.
Israelen, esperotakoa
Isralego hedabideetan bbestelako panorama bat marraztu dute. Salbuespena da hedabideen artean kritikoenetakoa dena, Haaretz: besoak altxatuta ageri diren flotillako kideen argazkia ipini du handian. Nazioarteko protesten berri ere eman du.
Aldiz, beste aldean, Jerusalem Post egunkariak, handi-handian dakar artikulu bat titular honekin: "Zergatik ez daude nazioartean Hamasi presio egiteko protestak, Trumpen plana onar dezan?". Flotillari lotuta, bada beste hau ere: artikulu batean iradokitzen dute "Israelen lurretara" heldu aurretik nazioarteko komunikabideetan "kanpaina" egiten ari zitzaiola flotillari, Israelen aurka, gezurrak hedatzen. Greta Thunbergen bideo bat aipatzen dute, zeinean aktibista ageri den "Israelek blokatu gaitu!" esaten, aipaturiko komunikabide sionistaren arabera, artean heldu gabe zeudela Israelera.
AEBetan, kasu gutxi
Ameriketako Estatu Batuetan gaiak ez du horrenbesteko oihartzunik izan, baina ez diote bizkar eman ere. Albiste bana egin dute The New York Times-en eta The Washington Post-en, Global Sumud Flotillaren antolakuntzaren hitzak jasota. Lehenbizikoak aipatu du protestak deituta daudela Italian, Frantzian, Grezian, Espainian eta Turkian, eta zenbait lekutan dagoeneko abiatu direla. Bigarrenak, aldiz, protagonismo gehiago eman dio ontzidiko atxilotuen artean Greta Thunberg aktibista dagoela esateari, eta erreakzioen artean nabarmendu du Kolonbiako Gobernuaren neurria, Israelen ordezkari diplomatiko guztiak kanporatuko baititu.
Iritzi publikoari begirako artikulu bat ere badakar The New York Times-ek. Inkesta bat kaleratu du Sienako Unibertsitatearekin batera AEBetan, galdera honexekin: “Uste duzu Israel palestinarrak hiltzen ari dela intentzionalki?”. Azpian gehitu dugu grafikoa, 2023ko abendutik hona arteko datuen alderaketa. Gehiengoak uste du orain (%40) Israelen borondatea hori dela, eta gero eta gutxiago dira “beharrezko neurriak hartzen” ari dela uste dutenak.