Ekonomia Kritikoko Taldeak mahai-inguruak eta hitzaldiak antolatu ditu datozen egunetarako Sarrikon. Lehenengoan, TTIP itunaz eta geoestrategiaz ariko dira.
Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien fakultatean Kontraekonomia Jardunaldiak antolatu ditu Ekonomia Kritikoko Taldeak (EKT) bigarren urtez, eta gaur izango da lehenengo saioa. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera TTIP, TISA eta CETA moduko nazioarteko itunen inguruko azalpenak emango dituzte Attac erakundeko Jose Ramon Mariñok eta Aiala Elorrieta ELAko Manu Robles Arangiz fundazioko kideak.
Mundu mailako merkatu libreak izan ditzakeen ondorioez hitz egingo dute eta horren aurrean zer egin eztabaidatuko dute ekonomialariek. Horiez gain, Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak ere hitz egingo du.
Datozen egunetan ekonomia solidario eta feministaz, zor bidegabeaz eta Europaren egituraketa eta austeritate politikaz jardungo dira. Egitarau osoa EKTren Facebook orrialdean ikus daiteke.