Nazioarteko prentsan ere izan du oihartzuna Espainiako Erregearen abdikazioak. Atzerriko hedabideek nabarmendu dute Juan Carlos Borboikoa tronura Francoren eskutik iritsi zela eta azken urteetako eskandaluek haren irudiari kalte handia egin diotela.
BBC hedabide publiko britainiarrak honakoa dio: “Juan Carlos munduko errege ospetsuenetarikoa izan da, baina azken urtetan herritar askoren konfidantza galdu du”.
Financial Times egunkari ekonomikoak Erregeak Botswanara elefanteak ehiztatzera egindako bidaia ekarri du gogora, baita bere alaba Cristina eta suhi Iñaki Urdangarinen ustelkeria eskandaluak ere. Duela gutxi egindako inkesta baten emaitzak ere jaso ditu. Horren arabera, espainiarren %60k erregearen abdikazioa nahi du eta beste %40ak, berriz, monarkiaren abolizioa.
Frantziako Le Mondek ere monarkaren popularitatearen jaitsiera azpimarratu du. Espainiako monarkiari buruzko analisi bat eta erregealdiko azken urteko albiste esanguratsuenen bilduma ere argitaratu ditu.
Associated Press (AP) agentziak berriz, erregea “indar egonkortzaile” bezala deskribatu du “Euskal Herria eta Katalunia bezalako indar independentistak dituen lurraldean”.
Eta Juan Carlos Borboikoak Espainiako enbaxadore bezala munduan egindako bidaietan paper garratzitsua jokatu duela dio, besteak beste, The Guardian egunkariaren albisteak.