argia.eus
INPRIMATU
Nazioarteko hainbat GKE abortuaren lege-erreformaren aurka
  • Hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundek eskutitz bateratua idatzi dute. Espainiako Gobernua bultzatzen ari den abortu-legearen erreforma emakumeen osasun eta sexu-eskubideentzat "mehatxu larria" dela adierazi dute. 

Iera Aranburu @ieraran 2014ko maiatzaren 14a
Abortatzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena egin zuten joan den apirilaren 5ean Iruñean. (Artxiboko irudia)

Sei GKE dira Espainiako justizia ministro Alberto Ruiz-Gallardoni abortu legearen aurreproiektua erretiratzeko eskatu diotenak: Alianza por la Solidaridad, Center for Reproductive Rights, European NGOs for Sexual and Reproductive Health and Rights, Population and Development (EuroNGOs), Federación de Planificación Familiar Estatal, Human Rights Watch eta Rights International Spain.

Legeak Espainiaren atzerakada ekarriko lukeela ohartarazi dute. Erreforma onartuko balitz, Espainia “Europar Batasuneko herrialde askok hartu duten joeratik urrunduko litzateke”, eskutitzean azaldu dutenez: “Giza eskubideak babesten dituzten hainbat erakundeen gaitzespena jasotzeko arriskuan jarriko litzake herrialdea”.

Giza eskubideen nazioarteko arauek abortu legala aitortzen dutela azaldu dute. Haurdunaldia etetea modu seguruan egitea emakumeen oinarrizko giza eskubidea dela gogora ekarri dute: “Emakume bakoitzak zenbat seme-alaba eduki nahi dituen erabakitzeko eskubide osoa du. Baztertuak ez izateko eskubidea dute emakume guztiek, berdintasun eskubidea dute”.

Espainiako Gobernuak emakume eta gazte orok abortu libre eta legalerako eskubidea izateko beharrezko neurriak hartu behar dituela adierazi dute erakundeek, eta horretarako beharrezko informazio guztia eskura eduki beharko luketela.