argia.eus
INPRIMATU
Nazioarteko eskuin muturrak inguratuta hartuko du presidente kargua Trumpek
  • Donald Trumpek asteleheneko 18:00etan (12:00ak Washingtonen) egingo dio zin AEBetako presidente izateari. Europako eta beste hainbat herrialdetako eskuin muturreko estatu buruak gonbidatu ditu inbestidura ekitaldira. Egun bakar bat lehenago emandako mitinean aurreratu duenez, kargua hartu bezain pronto hasiko da Biden administrazioaren legatua deuseztatzeko neurriak hartzen. Immigrazioa du jomugan.

ARGIA @argia 2025eko urtarrilaren 20a
Donald Trump AEBetako presidente berria. Ken Klippenstein

Euskal Herriko 18:00etan karguari zin egingo dio Trumpek eta ondoren hasiko du AEBetako presidenteak egin ohi duen inbestidura-hitzaldia. Trumpek aurreratu ditu presidente izendatzen dutenean, segituan, hurrengo egunean, abian jarriko omen dituen hainbat egitasmo politiko, eta litekeena da gai izar horien inguruan aritzea inbestidura-hitzaldian. Immigrazioa da gai horietako bat, eta litekeena da hegoaldeko muga ixteaz hitz egitea. Trumpek dio neurri hori izango dela “AEBen historiako deportaziorik handienaren hasiera”. Beste gai bat izan daiteke urtarrilaren 6ko matxinatuak indultatzeko aukera.

Agintaldiko lehen egunetarako iragarri dituen dekretuen artean daude auto elektrikoa sustatzeari uztea eta pertsona transgeneroek emakumeen kirolean edo armadan parte hartzea debekatzea. Elon Musk buru dela efizientziaren saila abian jartzea ere iragarria du. Errusia eta Ukraina arteko bake negoziazioak lehenengo egunetik abiatuko zituela esan zuen, nahiz eta gero sei hilabeteko epea aipatu.

Teknologia enpresetako buruak eta eskuin muturra ondoan

Gonbidatuen artean, teknologia enpresa handietako buruek ez dute hutsik egingo. TikTok-eko Shou Zi Chew, Metako Mark Zuckerberg eta Amazoneko Jeff Bezos zuzendari nagusiak espero dira inbestidura ekitaldian. Elon Musk X sare sozialaren eta Teslaren zuzendaria ere espero da. Coinbaseko Brian Armstrong kontseilari ordezkaria gonbidatu du Trumpek, baina ez dute ziurtatu joango denik.

Trumpek, gonbidapen zerrendaren bidez, argi utzi du zein diren bere aliatuak. Europatik eskuin muturreko bi gobernuburu gonbidatu ditu. Han izango dira Hungariako Viktor Orban eta Italiako Georgia Meloni. Aldiz, Ursula von de Leyen Europako Batzordeko presidentea ez du gonbidatu. Europako hainbat estatutan oposizioan dauden eskuin muturreko buruzagiak ere gonbidatu ditu hala nola, Espainiar Estatuko Santiago Abascal (Vox), Portugalgo André Ventura (Chega), eta Poloniako lehen ministro ohi Mateusz Morawiecki. Europatik kanpo Txinako Xi Jinping, El Salvadorreko Nayib Bukele eta Argentinako Javier Milei presidenteak gonbidatu ditu, baita Brasilgo presidente ohi Jair Bolsonaro ere.

Bizirik dauden presidente ohi guztiak dira joatekoak: Joe Biden, Bill Clinton, George W. Bush eta Barack Obama. Haien emazteak ere joango dira, salbu eta Michelle Obama, gonbidapena errefusatu baitu.

Azken mitina: immigrazioa eta aurreko agintaldiaren deuseztea

Trumpek agintaldia hasi aurreko mitina eman zuen urtarrilaren 19an, Washingtonen. Eldiario.es hedabideak egindako kronikaren arabera, AEBen gainbehera geldituko duela aldarrikatu du, eta agindu exekutiboak lehenengo egunetik hartuko dituela. Migrazioaren aurka gogor arituko da eta aniztasunaren, ekitatearen eta berdintasunaren aurkako neurriak ezarriko ditu.

Agintaldia hasi bezain pronto, Joe Bidenen administrazioak hartutako “erabaki erradikal eta zentzugabe bakoitza” indarrik gabe utziko duela adierazi du. Mitinean garrantzi handia hartu du immigrazioak. AEBen gainbeherarekin lotu du eta esan du azkarren hartuko dituen neurrietako bat izango dela mugaren gainekoa, eta “inoiz ikusi den ahaleginik zabalena eta erasokorrena” egingo duela mugak berrikusteko. Immigrazioaren diskurtsoari lotuta esan du datozenak AEBen “historiako lau urterik handienak” izango direla.

Fokua ez du soilik jarri lau urteko agintaldian eta etorkizunera begirako AEBak proiektatu ditu: “Ez dugu agintaldi bat baino nahi. Eraiki dugun gehiengoak gure herrialdea aurrekaririk gabeko arrakastara eramango du datozen belaunaldietan”.

Nazioarteaz, berriz, adierazi du Ukrainako gerra eta Ekialde Hurbileko kaosa bukatuko dituela, eta Hirugarren Mundu Gerra saihestuko duela. Gazako menia lortu izana bere meritutzat jo du.