argia.eus
INPRIMATU
Palestinako 14.000 haur txiki hilko dira hurrengo 48 orduetan laguntza jaso ezean, Nazio Batuen esanetan
  • Astearte eguerdian egin du ohartarazpena Nazio Batuen Erakundeak. Astelehenean laguntza humanitarioa daramaten bost kamioi sartuko direla iragarri du Israelek, hamaika asteko blokeo erabatekoaren ostean. "Tanta bat da ozeanoan", adierazi du Tom Fletcher NBEko Giza Gaietarako buruak.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko maiatzaren 21
Gazako ume bat desnutrizio egoeran. BBC

Fletcherrek azaldu du hiltzeko arrisku bizian dauden 14.000 haurren datua fidagarria dela, Gazan bertan dauden taldeen datuetatik aterata. "Laguntza premiaz behar duten zibilengana iritsi behar du, eta handitzeko aukera eman behar digute". Nazioarteko erakundeak ohartarazi du egunero laguntza humanitarioko bostehun kamioi eta erregaiz betetako beste 50 beharko liratekeela egungo krisi humanitarioa gainditu ahal izateko.

El Diario-k argitaratu duenez, Israelgo Gobernuak Gazan bost kamioi sartzea onartu izana AEBetatik iritsitako "seinaleen" ondorio da. Netanyahuk adierazi du bere "munduko osoko lagunik onenek" adierazi diotela badela onartu ezin duten gauza bat, hots, "gosete masibo baten irudiak".

"Gedeonen guardiak"

Netanyahuk behin baino gehiagotan adierazi du Gaza osoa kontrolatuko duela. Bide horretatik, martxoaren 18an hitzartutako su etenarekin amaitu zuenetik, 3.200 hildako baino gehiago eragin ditu Israelek, El Diarioren datuen arabera. Horietako ehunka pasa den asteburuan hil zituen Israelgo armadak, Gedeonen Guardiak izeneko operazioan. Okupatu gabeko lurraldearen egoera hurrengoa da: eraikinen %90 baino gehiago kaltetuta daude, sionistek lurretik, itsasotik eta airetik eraso egiten jarraitzen dute –ordu batean 30 eraso baino gehiago eginez– eta Palestinako biztanleak gero eta gehiago murrizten den 360 kilometro karratutako eremu batean 'bizi' behar dute, gero eta ihesbide gutxiagorekin eta leku segururik gabe. Negoziaketak abiarazi badituzte ere, azken erasoek "mezu garbia" uzten dutela dio negoziaketan bitartekari lanetan ibili den Qatarko lehen ministro eta Atzerri ministro Mohamed bin Abdulrahmanek.

Adierazpen bateratua 

Nazioartean Israelekiko kritikotasunak gora egin du. Erresuma Batuak, Frantziak eta Kanadak astelehenean publiko egindako adierazpen bateratuan ohartarazi dute Israelen aurkako "neurri zehatzak" hartzeko prest daudela, Gazan egiten ari den erasoa geldiarazten ez badu. Dokumentuan zera jasotzen da: "Ez gara besoak gurutzatuta geratuko Netanyahuren gobernuak ekintza  horiekin jarraitzen duen bitartean. Israelek ez badu erasoaldi militar berria amaitzen eta ez baditu laguntza humanitarioaren murrizketak kentzen, neurri zehatz batzuk hartuko ditugu". Komunikatuan hala ere, ez da zehazten zein neurri hartuko dituzten.

Hiru herrialdeek azpimarratu dute Israelek "legez kanpokoak" diren eta Palestinako Estatuaren "bideragarritasuna arriskuan jartzen duten" koloniekin amaitu behar duela. Nazioarteko zuzenbidearen urraketaz ere hitz egin dute: "Gaitzesten dugu Israelgo Gobernuko kideek berriki erabilitako hizkera gorrotagarria eta Gazako suntsipen etsigarriari aurre egin behar dioten zibilen desplazamendu behartuaren mehatxua. Bortxazko desplazamendu iraunkorra nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa da".

Frantziak Europar Batasunaren eta Israelgo Estatuaren arteko elkartze-akordioa berrikusteko Espainiak eta Irlandak egindako proposamena babestuko duela ere iragarri du. Ekimena astearte honetan eztabaidatuko da EBn. Alemania neurri horren aurka azaldu da. Diario Socialistari jarraiki, EB da estatu sionistaren merkataritza bazkide nagusia, Israelen esportazioen %28,8 Europar Batasunak jasotzen baitu.