argia.eus
INPRIMATU
Nazio baten identitatea hizkuntzak definitzen du sorterriak baino gehiago, ikerketa baten arabera
  • Pew Research Centre erakundeak AEB, Kanada, Australia, Japonia eta Europako hamar herrialdetan egindako inkestaren arabera, hizkuntza da nazio baten identitatea definitzen duen ezaugarria, berton jaioa izatearen eta beste zenbait faktoreren gainetik.

Jon Torner Zabala @jtorner 2017ko abenduaren 26a

Leku batetik bestera mugitzen den jende oldeak –"izan errefuxiatu edo immigrante"– hainbat herrialdetan eragin duen "kezkak" bultzatuta egin du ikerketa PRC zentroak, ardatz bezala hartuta herritarrek zein ezaugarri lehenesten duten berton bizi zen pertsona bat "gutako bat" bezala hartzeko.

Ikerlariek nabarmendu dutenez, ohiko erretorikak dioen arren garrantzitsuena dela bertan jaioa izatea, datuek erakusten dute lekuan lekuko hizkuntza ezagutzea inportanteagoa dela. Soilik australiarren %13ak, kanadarren %21ak, estatubatuarren %32ak eta europarren %33ak (batez beste) uste du herrialde horretan bertan jaioa izatea "oso garrantsitsua" dela. Askorentzat ez da hori inportanteena, baina bertan jaioa ez denak baditu baldintza batzuk bete beharra "bertokotzat" hartua izan dadin. Eta baldintza horietan garrantzitsuena lekuan lekuko hizkuntza nagusia hitz egitea da.

Hala uste du, esaterako, europarren %77ak, japoniarren eta estatubatuarren %70ak, australiarren %69ak eta kanadarren %59ak. Frantziaren kasuan %77koa (batez bestekoaren parekoa) da kopurua; espainiaren kasuan aldiz Europako baxuenetakoa, %62koa.

Language seen as most important requisite of national identity

Zientoka datu

PRC zentroak datu mordoa jaso du ikerketan, ez soilik hizkuntzari edo sorterriari buruzkoak, baita ohitura, kutura eta erlijiori buruzkoak ere, besteak beste. Erakundearen webgunean bistara ditzakezue datu eta grafiko guztiak.