argia.eus
INPRIMATU
Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek
  • Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko abuztuaren 21
Buchenwald nazien kontzentrazio esparruko memorialaren sarrera. Jens-Ulrich Koch / Getty Images

Genozidio bat oroitzen duen memorial batean, egun beste genozidio bat pairatzen ari diren horien eskubideak urratzen dira. Horixe da Alemaniako Buchenwald nazien kontzentrazio esparrua izandakoaren memorialean gertatu dena, kufija palestinarren zapi tradizionala zeraman emakume bati lekura sartzea ukatu ostean. Gertakariaren harira, emakumeak salaketa jarri zuen, baina Turingia estatuko (Alemania) Auzitegi Gorenak ostegunean memorialeko agintariei arrazoia eman die: auzitegi horren arabera, zapia eramateak "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jar dezake.

Turingiako Auzitegi Gorenak dio kasu horretan emakumearen adierazpen askatasunaren eskubideen gainetik dagoela memorialak "bere helburuak errespetatzeko" duen eginkizuna. Izan ere, ebazpenean auzitegi horrek aipatu du kufija jantzita emakumeak "mezu politiko bat" bidali nahi zuela memorialaren aurka, haren ustez Israelgo Gobernua babesten duelako. Gainera, uztailean Buchenwald kontzentrazio esparruaren memorialeko barne dokumentu bat argitara atera zuten, zeinean kufija-k "Israelgo Estatua suntsitzeko ahaleginekin" lotura estua zuela adierazten zen. NDR Alemaniako irrati eta telebista publikoari eginiko elkarrizketa batean, memorialeko zuzendari Jens-Christian Wagnerrek adierazi zuen agiri horrek akatsak zituela, eta berriz landu behar zutela. Horrez gain, Wagnerrek esan zuen palestinarren zapia ez dela memorialean debekatuta dagoen sinbolo bat: "Baina, nazien delituak leuntzeko beste sinbolo batzuekin batera erabiltzen denean, orduan eskatuko genioke jendeari ikur horiek kentzeko". 

Alemaniako lehen kontzentrazio esparruetako bat

Buchenwald nazien kontzentrazio esparrua 1937etik 1945era egon zen martxan, Weimar hiritik gertu, Alemania ekialdean. Naziek herrialdean eraiki zuten lehen kontzentrazio esparruetakoa izan zen, eta uste da 340.000 preso inguru igaro zirela bertatik –tartean juduak, LGTBI komunitateko kideak edota militante komunistak–, eta horietatik 56.000 inguru hil zituzten. 1945eko apirilaren 16an askatu zuten sobietarrek.