argia.eus
INPRIMATU
Navarra Sumaren osoko zuzenketak aurrekontuei Foru Legebiltzarraren ezezko betea jaso du
  • “Elektoralistak” direlakoan, Navarra Sumak 2023rako Nafarroako aurrekontuen proposamenen aurkako osoko zuzenketa aurkeztu zuen, jakinik ibilbiderik ez zuela. Eta ez du izan. Beste behin ere, Javier Esparzaren alderdia bakarrik geratu da legebiltzarraren osoko bilkuran. Alde batetik, gobernuan dauden PSN, Geroa Bai, eta Ahal Dugu alderdiek EH Bildurekin aldez aurretik akordio batera iritsi zirelako eta, bestetik, eskuineko koalizioaren zuzenketak edukirik ez duela argudiatu dutelako gainerako parlamentariek.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2022ko azaroaren 18a
Elma Saiz (PSN) eta Mikel Irujo (Geroa Bai) kontseilariak saioaren jarraipenean.

“Navarra Sumak ezetz baino ez daki esaten, baita mahai baten inguruan negoziatzen hasi baino lehen ere”, leporatu dio Elma Saiz Foru Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. María Jesús Valdemoros oposizioko alderdi liderraren bozeramaileak erantzun dio hori “gezurra” dela, izan ere “ganberaren proposamenen %40an alde” bozkatu dute eta %30ean abstenitu dira; izan duten baldintza bakarra “gobernua Bildurekin ez esertzea” izan da. “Bildurekin ituna egin dute, nahi dutelako, errua guk izatea besterik ez da falta”, kritikatu du Valdemorosek.

Dena den, Navarra Sumari aurrekontuak “baikorregiak” iruditzen zaizkiola adierazi du: “Aurrekontuak gobernua sostengatzen duten alderdien batura islatzeko tresna izan dira, baina zer dute erkidego honentzako etorkizuneko eta ongizateko proiekturik?”.

Ramón Alzorriz PSNko bozeramaileak gogorarazi dio Valdemorosi Navarra Suma “ez zela joan ere egin gobernuak aurrekontuen inguruko akordio amankomunak bilatzeko deitu zuen bilerara”. “Herritarrek ez dute betorik onartzen, konponbideak nahi dituzte”. Uxue Barkos Geroa Baiko alderdiburuak gehitu du “proposamenerako unea osoko zuzenketa aurkeztu baino askoz lehenagokoa” dela, eta elkarrizketarako gune horretan Navarra Suma aurten ere ez dela egon, “aurrekonturik gabeko Nafarroa nahi duelako”.

Bestalde, Marisa de Simón Izquierda Ezkerrako bozeramaileak esan du “Navarra Sumaren osoko zuzenketak aurtengo aurrekontuen luzapena baino ez dakarrela”, hau da, proposamenik eza.

Asmo gutxikoak, baina sendoak

EH Bilduko Adolfo Araizen ustez “proposamenak eskuina zokoratzen du”, eta De Simón zein Podemoseko Mikel Builekin bat dator neurriei anbizioa falta zaielakoan. Hiruek diote “ez direla” inola ere haien alderdien aurrekontuak, baina positiboki baloratzen dituzte.

Oraindik zehaztu gabeko erreforma fiskala barne hartzen duen akordiotik, “errenta bermatua hobetzea, alokairuen prezioei eustea eta energia enpresa publiko bat sortzea” faltan botatzen dutela adierazi du Builek, “%55 gastu sozialerako bideratuko den arren”.

PSN, Geroa Bai, Izquierda Ezkerra, Ahal Dugu eta EH Bilduren batasuna ikusita, litekeena da 2022a bukatu baino lehen aurrekontuak onartzea. Iazko kontuekin alderatuta, gastua %9,28 igoko litzateke, baina aipatu beharra dago adituen arabera KPIren igoera %9 inguru izango dela urte amaierarako. Beste era batera esanda: diruak aurrekontuaren handitzearen adina balio galduko duela.