Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.
Ekainaren 24an eta 25ean NATOk gailurra egingo du Herbeheretako Hagan eta bertan aztertu behar dituzte datozen urteetan eman beharreko urratsak. Horien artean dago “Errusiaren mehatxuari aurreko egiteko” armagintza eta industria militarrari bultzada handia ematea. Zenbaterainokoa ordea?
NATOko idazkari nagusi Mark Ruttek bere egin du AEBetako lehendakari Donal Trumpek finkatutako gastu militarrerako irizpide nagusia, eta horren arabera, 2032rako estatu guztiek euren aurrekontuen %5 bideratu beharko dute gastu militarrera.
Ostegun honetan, aldiz, Pedro Sánchezek uko egin dio irizpide horri eta gutun bidez azaldu dio Rutteri, Espainiak bete ditzakeela NATOrekiko konpromisoak gaur egun bideratzen duen %2,1arekin. Gutunean azaltzen duenez, defentsa gastua %5era igotzea “bateraezina litzateke gure Ongizate Estatuarekin”.
Etxe Zuritik berehala gogorarazi diote NATOri estatu guztiek bete behar dutela %5eko gastu irizpide hori, eta Espainiak ere bai. Sánchezek eskatzen du izan dadila estatu bakoitza finkatuko duena nola heldu NATOk ezarritako defentsa beharretara, eta egun duen %2,1 nahikoa dela Espainiak bereak bete ditzan. Hori onartuko ez balitz, Moncloak eskatzen du Espainia salbuestea behar horretatik.
NATOk badaki bere estatukideen artean gaia oso sentibera dela, bereziki estatu batzuetan, baina orain arteko inongo estatuk ez dio ukorik egin %5eko irizpideari. Hala ere, ezaguna da Erresuma Batua, Italia, Kanada edo Belgika moduko herrialdeetako gobernuek ere ez dutela batere gustuko eskakizuna.
Areago, Eslovakiako lehen ministro Robert Ficok aste honetan bertan “irrazionaltzat” jo du %5era arteko gastu igoera eta NATOtik ateratzeko imintzioren bat ere agertu du. Peter Pellegrini Eslovakiako lehendakariak, aldiz, beto eskubidea du eta laster gogorarazi dio herrialdeak NATOn jarraituko duela eta ez duela betorik jarriko Hagako gailurrean.
Ezaguna da Trumpek goiti jotzen duela bere eskakizunetan eta hainbat herrialderen esperantza da azkenean ez gailentzea %5eko hori edo horra heltzeko NATOk bestelako aukerak eskaintzea. Esate baterako, Portugalek adierazi du iritsi ahal izango litzatekeela %3,5era, eta beste %1,5a esparru militarrarekin lotuko beste gastu batzuei eskaintzea. Hori litzateke Ruttek finkatu nahiko lukeen alternatibetako bat.
Sánchezen egoera larria
PSOEren barruan azaldu diren ustelkeria kasuek soken aurka jarri dute berriz ere Sánchezen gobernua, eta beste batzuetan gertatu izan den moduan, badirudi Sánchez hordagora jokatzeko prest dagoela. Gaur egun ez da samurra Mendebaldeko herrialde batentzat Trumpek jarritako irizpide bati uko egitea, eta Espainia baino estatu arras indartsuagoek ere, hala nola Frantzia, Alemania edo Erresuma Batuak men egin diote haren nahiari.
Sánchezen gobernua hil ala bizi da ordea, eta baliteke honek, beste hainbatetan moduan, NATOren gai hau biziraupenerako makulu nagusi moduan erabiltzea. Ez da gaitza irudikatzea Trumpen mehatxua: “Espainiari %80ko igoera jarriko diogu muga zergetan”. Horrek sekulako polarizazioa ekar dezake Espainiako Estatuko iritzi publikora, baina eskuinarentzat ere ez litzateke samurra onartzea halako zerga maila.
NATOko herrialdeetako defentsa ministroak eta estatu-buruak buru-belarri ari dira datorren asteko gailurrari begira, eta dena lotuta aurreikusten zutenean, orain azken orduko Espainiaren ezezkoa kudeatu beharrean dira.