argia.eus
INPRIMATU
NATO hondoa jota
  • Europan gastu militarraren beherakadak eta etsai militar argirik ez edukitzeak NATOren gainbehera eragin dute. Russia Today hedabideak egin duen analisiaren arabera, Ipar Atlatinkoko aliantzaren izateko arrazoiak gero eta urriagoak dira.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko apirilaren 26a
NATOren egoitza nagusia, Bruselan (Argazkia: endthelie.com)

Hasierako helburua SESBen aurkako frontea osatzea eta Europa kapitalista batua mantentzea zen. NATOren lehen zuzendari Hastings Ismayek esan zuen moduan, “to keep the Russians out, the Americans in and the Germans down” (errusiarrak kanpoan, amerikarrak barruan eta alemanak behean mantentzeko).

SESBen desagerpenetik hogei urte baino gehiago pasa direla, eta Alemania aspalditik bidelagun duela, NATOk “eremuz kanpoko” interbentzioekin dihardu jardunean. Kide diren herrialdeetatik gertuko azken ekintza Jugoslaviako Gerra izan zen, 90ko hamarkadan.

Halaber, itunaren barneko herrialdeak ez dira erraz ados jartzen. Esaterako, Frantziak ez zuen Irakeko Gerra babestu eta Alemaniak ez zuen Malin interbentzio bateratua onartu. Interes kolektiboak behin lausotuta, partikularrek mugiarazten dituzte tropak.

Gastu militarrak behera

Egoera ekonomikoak eraginda, Europako herrialdeek aurrekontu murritzagoak dauzkate gastu militarrerako. NATOko komandante ohi James Stavridisek dioenez, aliantzaren aurrekontuaren %73 AEBek mantentzen dute.

Erresuma Batuak, Mazedoniak eta Greziak soilik betetzen dute bere garaian adostutakoa, alegia, BPGren %2 NATOra bideratzea. Europarrek bataz beste %1,5 eskaintzen diote, eta AEBek %4,8. Gainera, Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak aurreikusi dutenaren arabera, datozen urtetan are gehiago murriztuko dute arlo honetan.

Datu hauek ikusita, pentsa liteke AEBak asper litezkeela NATO bezalako egitura mantentzeaz. AEBetako Estatu Idazkari ohi James Steinbergek dioenez, Europarekin lankidetza gustuko dute, ekintzak “zilegitzat jotzen” dituelako.

Russia Todayk nabarmendu du AEBetan gero eta gehiago direla NATO aliantza militar moduan desagertzearen aldekoak, eta Europarekin harremanak izateko organo  bihurtzearen aldekoak.