XIX. mende hasierako gatazka inperialistan frantziar tropek Ipar Euskal Herriko herri ugaritan egindako sarraskiak gogoan izango dituzte apirilaren 22an, Sarako Suharriaga parkean.
Oroitarri baten bidez gogoratu nahi dute 1813 eta 1814 urteen artean Napoleon Bonarparte frantziar enperadoreak agindutako tropek, Ingalaterrako gudarostearen bultzadaz gibelera zihoazela egindako arpilatzeak.
Ekimena Lapurdi 1609 elkartearen eta Sarako Herriko Etxearen elkarlanari esker atera da aurrera eta oroitarriaren inaugurazioa apirilaren 22an izango da, 12:30ean, Sarako Idazleen Biltzarraren 36. edizioko egitarauaren barruan. Ekitaldian Euskal Herriko hainbat herriko auzapezak izango direla jakinarazi dute antolatzaileek, eta besteak beste bertsolariak, dantzariak eta kantariak arituko dira.
1813ko ekainaren 21ean Gasteizko gudaldian Wellingtonen tropek Napoleonen armada desegin zutenez geroztik, Pirinioak gurutzatu eta atzerako bidean soldaduek herri ugaritan arpilatzeak egin zituzten, hala nola Lekornen, Senperen, Donibane Garazin, Arrangoitzen, Uztaritzen, Ezpeletan, Bastidan zein Amikuzeko herrietan. Saran bertan, 167 etxetik 23 etxe eta 4 borda erre zituzten, beste 35 etxetan kabalak lapurtu zituzten eta 105 etxetan altzariak suntsitu. Beste toki batzuetan derrigor atzeman zituzten itzainak eta soldadutarako jendea.
Datu horiek guztiak oroitarriaren ondoan paratutako informazio panelean egongo dira agerian, Europako inperioen arteko gatazkaren erdian euskal herritar xumeek jasandako kalteen erakusgarri. Gudu eta sarraskitze horiek elikadura eskasia, eta “jende ahulenen, haurren eta adinekoen heriotza” ekarri baitzuten. 1813 eta 1814 artean, ohi baina 5.800 hildako gehiago zenbatu zituzten lurraldeotan.
“Ondoan duzun oroitarria Euskal Populuak azal eta hezurretan jasan duenaren lekuko izan dadila”, dio informazio panelak. Modu honetan, Lapurdi 1609 elkarteak “gure herriko historia idazteko” beste urrats bat eman nahi du, joan den urtean Lehen Mundu Gerraren amaiera zela-eta bestelako kontakizun bat azaltzeko antolatutako ekitaldiarekin egin bezala.