UMPko 'Zorro'k hartu gaitu laborariok: dena su, bainan elkor eta itsu

  • Confederation Paysanne sindikatuko kideei hitzordua jarria zien Pariseko egoitzan Frantziako politikari handiak. Tartean izan da Mikel Hiribarren, ELBko ordezkari konfederazioan idazkari nagusi dena. Hona kronika.


2015eko martxoaren 03an - 12:05
Azken eguneraketa: 2015-03-04 13:48:31

Debrintxoa! Beranta ginuen hitzorduan, Vaugirard Parisko karrika ospetsuaren hamargarren estaiarat heldu ginenean. Hortxak ahoan zagon gizona gure beha. Bostekoa luzatu diogu eta jarri gira mahain borobilean. Hiru ginen sindikataren ordezkari, UMPko lehendakariaren gomitari ihardetsi ginionak.

Hiru gizon bazituen berekin mahain inguruan. Europako aferetaz arduratzen den eskuineko Dantin deputatua baizik ez ginuen ezagutzen. Berdin munta du nor ziren besteak, nehoiz ez dugu haien bozik entzunen, hitzik ez baitiote utziko nagusiak.

“Beranta duzue. Ez duzue estakururik. Gomitatu zaituztet, entzun nahi zaituztegu. Mintza” horrela hasi da bilkura, idor idorra. Nor nundik heldu ginen erranik, agertu ditugu aipatu nahi ginituzkeen gaiak. Pasoan utzi gaitu. Segitu du beraz gure bozeramaileak behi esne koten desagertzea eta neurri orokorren behar gorria adieraziz. Bost ahopaldi ez zituen eginak, jauzi zaio gizona punpean jakinerazteko harek ere bazuela proposamena Europako laborantzaren norabidea hobeki bideratzeko, oroitaraziz berak zuela ardietsia PAC xuxenagoa, eta oraiko botere gizonek dena pikutara joaterat uzten ari zutela...

Beste orduz, gomitatzen zaituztenean beti badute jaun ala andere horiek ongi etorri hitz borobil bat, eta gero erraiten dautzute zergatik nahi zintuzten ikusi. Egungoak mokor hartu gaitu, eta uste izan dugu ordu betez solas eman beharko giniola. Ez baita nekeagorik parrekoa entzule ixil egoten denekoa baizik.

Kontrarioa da gertatu. Sar balakio! Solasean abiatu denetik, ez da sekulan gelditu. Denak badazki, denak eginak ditu, Europa eta mundua bere meneko dauzka bere hitzetan, hemen Lula eta han Obama, badaki nola jokatu behar den, orain boterean direnak alabainan ezdeus hutsak dira... Ez zaitu ordea entzuten!

Laborantza ginuen hain segur solasgai, aipatu dugu noizbehinka, tartea kausitzen ginuen aldi bakotx, eta oldar berria ematen ginion Zorro-z jauntzirik ager zadin bere solasean!

Gizon hau itxuraz zinez tiran bizi da, berea du gogoan, mundua du begi mugan. Ez du irrino edo arraileria izpirik, are gutiago bere jakitatean dudarik, bizkitartean adimenduaren seinale argiak izaten dira. Nicolas Sarkozy ginuen solaskide.

[Titulua eta sarrera ARGIAk egokituak dira, irakurleari ulertzea errazteko. ELB sindikatuaren Laborari astekariak "Dena su, bainan elkor eta itsu!" tituluarekin argitaratu du]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoak lurren %25 kudeatu nahiko lituzke 2030ean

Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


2024-03-14 | Leire Artola Arin
EAEko nekazaritza lurren %5ak soilik dauka ziurtagiri ekologikoa

Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago oraindik.


2024-03-11 | ARGIA
“Talka-neurriak” adostu ditu Eusko Jaurlaritzak nekazaritza sindikatuekin

Eusko Jaurlaritzak, sindikatuekin egindako bileran, hamar konpromiso hartu ditu. Bilera ontzat eman badute ere, hauteskundeak egitear direnez, denborarik eza azpimarratu dute sindikatuek. ENBAk adierazi du denbora gutxi dutela neurriak gauzatzeko, eta UAGAk nabarmendu du... [+]


Eguneraketa berriak daude