argia.eus
INPRIMATU
Naparrari buruzko ‘16.060 egun’ dokumentala ikusgai, desagertu zela 45 urte igaro direnean
  • Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua bilatzeko bigarren saiakera kontatzen duen dokumentala interneten ikusi daiteke asteazken honetatik aurrera. Igandean ekitaldia egingo dute, Batallon Vasco Españolek iruindarra duela 45 urte bahitu eta desagerrarazi zuela gogoratzeko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko ekainaren 11
Naparraren gopura aurkitzeko azken saiakera kontatzen du dokumentalak. '16.060 egun'

1980ko ekainaren 11n Batallon Vasco Español talde parapolizialak Jose Miguel Etxeberria Naparra iruindarra bahitu eta desagerrarazi zuen. Bere gorpua bilatu eta aurkitzeko bidea luze bezain gogorra izan da, batez ere familiak 1999an desagerpenagatik Espainiako Auzitegi Nazionalean salaketa jarri zuenez geroztik. Orain, 45 urte geroago, prozesu horren azken saiakera kontatzen duen 16.060 egun dokumentala irekian jarri dute interneten, eta ARGIAren multimedia kanalean ere ikusgai dago.

Lau egunez militarrek Landetan, Mont-de-Marsanen, egindako indusketen lekuko izango da Eneko, eta kamerek egun horietako bere ezinegona eta anaiari gertatutakoa jakiteko beharra jasoko dute

Iñaki Alforjak eta Iban Toledok idatzia eta zuzendua, eta Lucia Ezkerrek ekoiztua, dokumentalak Naparra-ren gorpua aurkitzeko 2024ko maiatzean egindako azken saiakera dakar, haren anaia Eneko Etxeberriaren ahotik. Lau egunez militarrek Landetan, Mont-de-Marsanen, egindako indusketen lekuko izango da Eneko, eta kamerek egun horietako bere ezinegona eta anaiari gertatutakoa jakiteko beharra jasoko dute.

Lehenago, 2021ean estreinaturiko Bolante baten historia dokumentalean, familiak Naparra-ren gorpua aurkitzeko 1980tik egindako lana jaso zen, tartean 2017an Landetan egindako beste bilaketa saiakera bat, Cesid espainiar inteligentzia zerbitzuetako kide ohi batek emandako informazioaren harira. Pako Etxeberria auzitegi-medikuak, baina, handik ez oso urrun gorpua egon zitekeen beste eremu posible bat identifikatu zuen, baina hor ere ez zuten arrastorik aurkitu.

Eneko Etxeberria 'Naparra'-ren anaia, gorpuzkiak aurkitzeko lanei begira. 16.060 egun

16.060 dokumentala aurreko horren segida da eta bigarren eremuan egindako saiakeran zentratzen da. Donostiako Zinemaldian estreinatua eta Bilboko Zinebin aurkeztua, orain denontzat ikusgai jarri dute.

"Historia hau gertukoa eta unibertsala bihurtzen duena zera da: maite duzun pertsona bat desagertzen denean premia humano bat dagoela, jakiteko zer gertatu zaion eta bere gorpua aurkitzeko", azpimarratu dute Alforjak eta Toledok.

BVE izan zen

Naparra Komando Autonomo Antikapitalistetan zebilen desagerrarazi zutenean. Talde armatu horretan sartuta zegoen poliziaren sator batekin ika-mika izan zuen eta handik denbora batera desagertu zen, 1980ko ekainaren 11n. BVEk egun batzuk geroago bahiketa aldarrikatu zuen Deia egunkarira eginiko dei baten bidez, Xabier Letonak erreportaje honetan azaltzen duen moduan. 

Desagerpenaren egiletzaren inguruan, sarritan zalantzak pizten saiatu dira estatu aparatuetatik. Baina gaia gehientsuen ikertu duen Naparra. Kasu irekia liburuaren egile Jon Alonsok garbi hitz egin zuen ARGIArekin izandako elkarrizketa batean: "Benetan jakin arte zer gertatu zen beti egongo da espekulaziorako tartea, eta errespetua diet bestelako iritziei, baina nire ustez argi dago BVE izan zela. Hori esateko zeharkako froga ugari dagoela uste dut".

'Naparra' Donibane Lohizunen. Argazkia: Tala. Dani Blancok koloreztatua. Argia artxiboa

45 urteren ondoren, oroimen ekitaldia

Iruindarra desagerrarazi zutela 45 urte igaro direnean, hori gogoratzeko ekitaldia egingo dute Lizartzan igandean, 12:00etan, Naparra-ren familiaren Igarolabekoa baserri aurrean dagoen monolitoan.