'Naparra'-ren anaia

"Gorpua aurkitzea itzela izango litzateke familiarentzat"

  • Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anaia Eneko baikor da. Familiarekin batera, bizitza osoa darama haren gorpua aurkitu nahian, harekin zer egin zuten argitu nahian. Eta berriki jasotako lekukotasun batek hori guztia aurki lortzeko aukera emanen dielakoan dago.

Euskalerria irratia @fm983irratia
2016ko urriaren 04a
Jose Miguel Etxeberria \'Naparra\' 1980an desagertu zen.

Naparra’ iruindarraren gorpua Mont Marsan-en egon liteke. Hala adierazi dio estatu terrorismoaren inguruan mugitu zen pertsona batek Iñaki Errazkin kazetariari. Eta informazio horretan oinarriturik, familiaren abokatuak, Iñigo Iruinek, Pako Etxeberria forentsearen laguntzaz, auzia berriz zabaltzeko eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalari.

Naparra 1980an desagertu zen, Ziburun (Lapurdi). Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen, eta Ipar Euskal Herrian errefuxiaturik zegoen. Batallon Vasco Español taldeak bere gain hartu zuen desagertzea, baina Frantziako justiziak auzia itxi zuen 1983an, frogarik ez zegoelakoan. Eta Espainiakoak 2004an, argudio berarekin.

Familiak 36 urte darama, etsi gabe, Jose Migueli zer egin zioten, eta haren gorpua non den argitu nahian. Aita, Patxiku, hori lortu gabe hil zen."Herri honetan, sufrimendu handia egon da, alde guztietan. Guztiek behar dute aitortza", dio Enekok.

Nola hartu duzue albistea?

Albiste ona da. Eta itxaropena piztu digu. Guretzako, familiarentzako, mundiala da.

Judizialki, aspaldi itxi zuten auzia.

1980an, desagertu zenean, Baionako epaitegian salaketa jarri genuen, Frantziako Justiziaren aitzinean. Baina 1982an itxi zuten afera.

Kontua hor geratu zen, impasse batean, eta desagertzeak 20 urte bete behar zituenean, erabaki genuen salaketa aurkeztea Espainiako Auzitegi Nazionalean, 1999an. Iñigo Iruin abokatuak salaketa sartu zuen, eta hainbat diligentzia eta prozesu hasi ziren. Baina guk eskatutako hainbat diligentzia atzera bota zituen Ismael Moreno epaileak. Adibidez, Manuel Ballesteros, Gonzalez Pacheco Billy el Niño edo Sanz de Santamaria deklaratzera joateko eskaera. 2004an itxi zuten auzia.

Orain, Iñaki Errazkin kazetariak dio lekukotza bat jaso duela, garai haietan Estatu terrorismoaren inguruan ibili zen pertsona batena. Eta horrek esan diola non egon daitekeen zuen anaiaren gorpua.

Errazkin lanean ari zela, beste horrek emandako informazioa jaso zuen. Eta Errazkinek gure abokatuari pasa zion, Iruini. Ontzat eman genuen informazio hori eta orain aurrera jarraitu dugu.

Informazioa prentsaurrekoan azaltzeko tenorean, alboan Iruin abokatua ez ezik Pako Etxeberria forentsea ere izan duzue. Biok rol garrantzitsua jokatu zuten Lasa eta Zabalaren gorpuak topatzeko prozesuan.

Itxaropentsu egon behar dugu. Baina aldi berean zuhurtziaz jokatu. Dena dela, oso itxura polita du.

Pako Etxeberriak zer egin du?

Errazkini tipo horrek toki bat aipatu zion, eta Etxeberriak inguru hori aztertu du, ikusi du, eta txosten bat osatu du horrekin guztiarekin.

Iruinek dio iturria oso sinesgarria ez izanagatik, eman dituen datuak oso sinesgarriak direla.

Berak emandako informazioarekin nahiko erraz topatu dugu lekua. Ez dugu esanen zehatz-mehatz non dagoen, baina Mont Marsan-etik hurbil dago, zuhaizti batean, harizti batean. Anaia Ziburun desagertu zen. Autoz, ordu beteko ibilbidea da.

Bere garaian, zuen anaiaren desagertzea Batallon Vasco Españolek (BVE) hartu zuen bere gain. Eta garai bertsuan, talde horrek atentatua egin zuen Mont Marsan-en.

Zezen plazan egin zuen atentatua. Anaiari buruz BVEk atera zuen  hirugarren agirian, hil zutela eta lurperatu zutela zioten hartan, halaber esaten zuten haiek egin zutela zezen plazaren aurkako atentatua. Horrek eman digu sinesgarritasun puntu bat.

Horrekin guztiarekin Espainiako Auzitegi Nazionalera joan zarete.

Gure abokatua, Iñigo Iruin, Auzitegi Nazionaleko fiskal nagusiarekin, Zaragozarekin egon da, eta haiek ere nahiko ados daude aurrera segitzearekin. Iñigok hiru diligentzia eskatu dizkie fiskaltzari eta epaileari, Ismael Morenori. Lehena, Iñaki Errazkinen testigantza jasotzea. Bigarrena, Pako Etxeberriaren txostena aintzat hartzea. Eta hirugarrena, erreguzko mandatua helaraztea Frantziako justiziari. Han egona zen Iñigo, fiskalarekin, baina Frantzian hamar urtean preskribatu egiten dira halako delituak. Baina Espainian 1999an egindako helegite horrek ahalbidetu du zabalik mantendu ahal izatea.

Nazio Batuen Erakundearen aitzinean ere bizirik mantendu duzue auzia.

Gure egoeran hori inflexio puntu bat izan zen. 2013an, Nazio Batuen Erakundeko desagertuen lan taldea Espainiako Estatuan bisitan izan zen, aztertzeko ea Espainiako Gobernua zer egiten ari zen 36ko gerran desagertutakoekin. Gasteizera etorri zen taldeko burua, errelatorea, eta gonbidatu gintuzten berarekin bilera egitera, beste elkarte memorialista batzuekin.  Behatokia eta Egiari Zor fundazioarekin batera eta haien laguntzaz txosten bat aurkeztu genien. Gonbidatu gintuzten dokumentazio hura eskaera moduan aurkeztera. Eta eskaera onartu zuten, desagertze behartua izan zela onartu zuten. Lan talde honek ezin du judizialki eragin estatuen justizian. Hori horrela, gomendioak ematen dizkie. Eta Frantziako eta Espainiako gobernuei esan zien bere garaian egindako ikerketa ez zela aski, eta gonbidatu zituen gehiago ikertzera. Genevara ere gonbidatu gintuzten, eta han izan ginen, gure auzia kontatzeko. Familiarentzat ukendu antzeko zerbait izan zen.

Bistan da 36 urtean ez duzuela amore eman.

Nola emango dugu amore halako kasu batean? Anaia anaia da, eta jakin behar dugu zer gertatu zen, nor izan zen hor aritu zena. Garrantzitsuena da anaia berreskuratzea, bere gorpua berreskuratzea.

Zer egin zioten ere jakin nahiko duzue.

Batzuetan hobe da ez pentsatzea. Nik behintzat ez dut izan indarrik Lasa eta Zabala pelikula ikusteko. Batzuetan hobe ez pentsatzea zer egingo zioten.

Zuen amak, Celesek, bideoa bidali zuen NBEra, semearen kasua azter zezaten eskatzeko. Oihartzun handia izan zuen.

Gure Celes… Nahiko bideo gogorra da, baina hunkigarria. Eta hara eraman genuen.

Nola hartu du Celesek oraingo berria?

Orain familia osoa oso itxaropentsu gabiltza. Gogotsu. Tinko. Eusteko gogoz.

Etxeko sarreran, Celesek desagertutako anaiaren erretratu handi bat dauka.

Bai, hor egon da hasiera-hasieratik. Irudiaz aparte… Ama batek horrelako kasu batean zer pentsatzen duen jakitea zaila da, ez bazara ama. Zaila da bere buruan sartzea. Baina hortxe dago, gogotsu.

Ez dakit esplikatzen zer pasatu dugun urte hauetan guztietan. Latza izan da. Oso latza. Orain itxaropentsu gaude, baina zuhurtziaz jokatu behar dugu. Gerta baitaiteke deus ez topatzea. Baina gerta daiteke ere gorpua aurkitzea. Espero dezagun topatzea.

Zenbat urte zenituen anaia desagerrarazi zutelarik?

Hamazazpi. Zaila da azaltzen zer oroitzapen dudan. Ez nekien nora jo. Bakarrik sentitu nintzen. Garaiak oso nahasiak ziren. Hasieran EFE Agentziak zioen bere kideek desagerrarazi zutela. Gero, ETA militarra tartean zegoela. Baina guk hasiera-hasieratik garbi genuen estatu terrorismoa zela. Beste kasu bat. Beste asko bezala. Oraindik badira beste batzuk. Iparretarrak-eko Popo Larre 1983an desagertu zen. ETAko Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur 1973an. Eta bada hirugarren bat, ezezagunagoa, Tomas Hernandez izenekoa. 36ko gerrako errefuxiatua zen. Batallon Vasco Españoleko atentatu baten lekukoa izan zen, eta desagerrarazi zuten.

Garai haietan bost talde armatu zeuden Euskal Herrian: ETA M, ETA PM, Komando Autonomo Antikapitalistak, Iraultza eta Iparretarrak. Horrek suposatzen duen guztiarekin. Garai oso nahasiak ziren. Hasieran guretzako oso gogorra izan zen. Informazio nahasi horiekin, ate asko itxi zizkiguten. Gero zabaldu dira, eta lagundu digute. Kristoren laguntza izan dugu. Inguruko jendearena. Urtero omenaldia egin izan diogu, oroitzeko ekitalditxo bat. Erakundeen jarrera, beste kontu bat da.

Zer jarrera eduki dute Hego Euskal Herriko erakundeek?

2008an, Eusko Legebiltzarrak eskuin muturreko taldeen eta talde parapolizialen biktimen inguruko txostena egin zuen, eta hor Jose Miguelen kasua sartu zuten. Orduan biktimen bulegoarekin harremanetan izan ginen, eta babesa izan genuen. Aitortza hori Nafarroako erakundeetara iristea gehiago kostatu da. Baina iritsi da. Nafarroako Gobernu berriarekin izan gara, eta babesa eta laguntza guztia jasotzen ari gara.

Espainiako Gobernuarentzat, aldiz, ez zarete biktima.

Birritan eskatu dugu, baina orain arte ez digute onartu. Eta Nazio Batuen Erakundearen gehiago ikertzeko eskaerari ez diote jaramonik egin. Ismael Moreno epaileak 2004an auzia itxi zuenean, ate horiek guztiak itxi ziren. Nahiko kuriosoak dira haien argudioak. Diote ez dagoela frogaturik desagertu zenik. Eta are gutxiago talde armatu batek desagerrarazi zuenik. Nolabait esaten zuten gerta zitekeela anaia Karibeko uharte batean egotea, ederki asko. Gogorra da. Baina azkenean ohitzen zara. Hemen min handia egon da, baina alde guztietan. Eta guztien aitortza behar da.

Eduki al duzu Komando Autonomo Antikapitalisten biktimaren batekin egoteko aukera?

Zuzen-zuzenean ez, egia esan. Ez zaigu egokitu. Baina inolako arazorik ez nuke izanen. Nik ulertzen ditut besteak. Eta uste dut haiek ere gu ulertuko gaituztela. Herri honetan sufrimendu ikaragarria izan da. Baina alde guztietan. Orduan, guztiak aitortzeko aukera egon behar da.

Zer izanen litzateke zuentzako gorpua topatzea?

Gorpua berreskuratzea izugarria izanen litzateke. Behar bezalako dolua egin ahal izateko aukera. Baina beste fase baten hasiera ere izanen litzateke. Aitortza behar da. Justizia behar da. Eta horretaz gain bermatu behar da halakorik ez dela errepikatuko.

Zuen aita zendu zen, semearekin zer gertatu zen jakin gabe.

Oso pena handia izan zen. Bere bizitzaren ardatza hau izan baitzen. Anaia topatzea. Anaiarekin zer gertatu zen argitzea. Ea laster hona etortzerik daukagun, albiste on batez hitz egitera.

Beti nahia hortxe dago: nahiko genuke bizpahiru hilabetean dena eginda egotea. Ikusi beharko da Espainiako eta Frantziako justiziek nola jokatzen duten.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra

Kanal hauetan artxibatua: Estatuen biktimak  |  Guda zikina  |  Euskal gatazka  |  Ziburu

Estatuen biktimak kanaletik interesatuko zaizu...
2017-06-30 | Xalba Ramirez
Martxoaren 3ko biktimak eta Martin Villa aurrez aurre: "Oroitzen al zara Gasteizez?"

Eva Barroso eta José Luis Martínez Ocio martxoaren 3an hil zituzten bi langileren anai arrebak  kasualitatez topatu dira Martin Villarekin Espainiako Kongresuaren kanpoaldean. Hamar minutuz hizketan egon dira, eta langileak hiltzea gaizki egon zela esatea eskatu diote ministro frankista ohiari.


2017-06-26 | Uriola.eus
Dispertsio politikak urteko zazpigarren auto istripua eragin du

Ezbeharra Iker Lima presoaren lagunak Huelvako espetxetik bueltatzean sufritu du. Onik atera den arren, bere lagunari bisita egiteagatik pairatzen duen bigarren istripua da. Etxerat plataformak bihar Bilbon elkarretaratzera deitu du.


2017-04-25 | ARGIA
Polizien biktimen EAEko legeak nazioarteko araudiarekin bat egiten du, NBEren arabera

Fabián Salvioli NBEko Giza Eskubideen Batzordeko presidente ohiaren esanetan, poliziaren gehiegikerien biktimei ordaina emateko iazko uztailean EAEn onartutako legea guztiz bat dator nazioarteko araudiarekin. Eusko Jaurlaritzak legeari buruzko txostena eskatu zion Salvioliri iazko udazkenean, Espainiako Gobernuak haren aurkako helegitea jarriko zuela iragarri eta gero, Konstituzioa urratzen duela argudiatua.


2017-04-05 | Jon Torner Zabala
I˝igo Cabacasentzat justizia, oihu ozena San Mamesen

Apirilaren 9an bost urte beteko dira Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas basauriarra hil zuela. Hura gogoratu eta “justizia” eskatzeko, Iñigo Cabacas Herri Harmailak 10.000 karteltxo banatu ditu asteartean Athleticek San Mamesen jokatu duen partida ikustera joan diren zaleen artean.


2017-03-17 | ARGIA
Barrenetxearen aurka egiteko eskatu du guardia zibilen abokatuak "testigantza faltsuagatik"

Epaiketaren laugarren eta azken eguna da ostirala. Sandra Barrenetxearen abokatu Jone Goirizelaiak tortura testigantzaren balioa azpimarratu du. Bera torturatu eta sexu erasoak egin izana egotzita auzipetutako guardia zibilen abokatuak, Barrenetxearen aurka egiteko eskatu du. Bere hitzetan "testigantza faltsua" eman du.


2017-03-16 | ARGIA
Ikur frankistak Barrenetxearen torturengatik epaitzen ari diren guardia zibiletako baten Facebooken

Sandra Barrenetxea torturatzea eta sexu erasoak egitea egotzita epaitzen ari diren lau guardia zibiletako batek frankismoa goratzen duen gune bateko argazkiak sareratu zituen, La Hainek aurkitu duenez. Salaketaren ostean, kontua itxi du.


2017-03-13 | Topatu.eus
Tortura gizartearen aurrean aitor dadin aldarrikatu zen Bilboko kaleetan

3.000 lagunetik gora elkartu dira torturaren aurkako manifestazioan, Euskal Herrian 5.657 lagun torturatu dituztela salatu eta berriro gerta ez dadila eskatzeko.


Eskuin muturraren eta polizia indarkeriaren biktimak omendu dituzte Nafarroan

Poliziak zein eskuin muturreko taldeek gauzatutako indarkeria politikoaren biktimen “aitorpenerako” omenaldia egin zuten larunbatean Iruñean. Talde parlamentario guztietako ordezkariak bertaratu ziren, UPN eta PP alderdietakoak salbu.


Dena prest "Naparraren" gorpuzkien bilaketa hasteko

Dena prest dago Mont de Marsan inguruak miatzeko Jose Miguel Etxeberria “Naparraren” gorpuzkien bila. Paueko jendarmeriaren desagerpenen unitatea arduratuko da bilaketaz Garak jakinarazi duenez.


2016-12-22 | Hamaika Telebista
Bakea: egia oso baten bila
MULTIMEDIA - Ertzak

Egia, justizia, erreparazioa, etengabe entzuten ditugun hitzak; baina oraindik lehen fasean gaude? Genero ikuspuntutik nolako memoria egin dugu? Eta bake bidean zein ispilu eduki ditu Euskal Herriak? Horri buruz aritu gara, Amaia Alvarez (kazetaria), Iñaki Egaña (historialaria) eta Julia Mongerekin (Intxorta 1937).


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude