argia.eus
INPRIMATU
Naomi Klein
“Beldurrak ezin du gidaria izan, hori da mugimendu ekologistaren akatsa”
  • Shockaren doktrina liburu ezagunaren idazleak lan berria argitaratu du: This Changes Everything. Klima aldaketaren eta kapitalismoaren inguruan aritu da Klein liburuan.

Garazi Zabaleta 2015eko abuztuaren 28a
Naomi Kleinen ustez, orokorki jendeak aldaketa klimatikoaren gaiari bizkar eman dio inolako aterabiderik ikusten ez dutelako.

The Guardian egunkari britainiarrak elkarrizketatu egin du, eta bertan adierazi duenez, orokorki jendeak klima aldaketaren gaiari bizkar eman dio inolako aterabiderik ikusten ez dutelako. “Karbono ondorengo ekonomia baterako bidea egin behar dugu bizi kalitate hobea lortzeko, hiriak bizitzeko toki hobeak bihurtzeko eta berdintasunerantz egiteko”. Bestelako ekonomia izan dezakegula jendeari sinestaraztea nahitaezko ikusten du Kleinek klima aldaketaren arazoan jendea gehiago inplikatzeko.

Katrina urakanaren ondoren New Orleansen egon zen Klein Shockaren Doktrina idazten. Momentu hartan klima aldaketaren gaian gehien arduratu zuena ez zen itsasoaren maila igotzea edo ekaitz kopuruaren igoera izan: “Gehien arduratu ninduena izan zen klima aldaketa nola gurutzatuko ote zen desberdintasun sozialen eta arrazakeriaren koktailarekin”, adierazi du.

Idazle kanadarrak azpimarratu du “liburua irakurri nahi ez dutenentzat” idatzi duela. Tonu eta estilo pertsonala erabiltzeko hautua egin du egileak, uste duelako krisia benetan sentitzen duela gizarteak eta jendeari hunkigarri egiten zaiola pentsatzea beren etxea arriskuan dagoela.

Aldaketa ideologiko sakonaren aldeko argudioa da bere liburua Kleinen ustez: “Pendulua orain arte merkatuaren fundamentalismoaren aldean egon da”. Kapitalismoaren eta klima aldaketaren artean lotura zuzena dagoela defendatzen du egileak, eta adibide bezala egun Europako hegoaldean bizi den krisia jarri du: “Grezia eta beste hainbat herrialdetan nagusitu diren austeritate politikek energía berriztagarrien atzeratzea ekarri dute, baita fraktura hidraulikoa eta itsasoko zulaketak haztea ere”.