argia.eus
INPRIMATU
‘Nao Santa Maria’ itsasontzia aurkeztu dute Donostian, Kristobal Koloni gorazarre eginez
  • Kristobal Kolon nabigatzaile ezagunak 1492an Amerikara iristeko –'Amerikaren aurkikuntza' gisa kontatu izan da espedizio hori historian– erabili zuen hiru ontzietatik handiena izan zen Nao Santa Maria, eta horren erreplikak Donostian egin du geldialdia, Espainiako Nao Victoria fundazioaren eskutik. Hilaren 19ra arte bisitatu ahalko dute herritarrek, Donostiako kaian: hamalau tripulatzaileekin hitz egiteko aukera izango dute, baita bost kubiertetako lau zapaltzekoa ere.

Irutxuloko Hitza @irutxulo Beñat Parra @parrabenat 2025eko urriaren 09a
'Nao Santa Maria' itsasontzia aurkeztu dute Donostiako kaian, hainbat agintari militar eta polizia espainiarrekin. Beñat Parra / Irutxulo

Noiz eta urriaren 12ko Hispanitatearen Egunaren atarian egin du geldialdia ontziak Donostian; Kolon Amerikara heldu zenetik 533 urte beteko dira egun horretan. Hain zuzen ere, Koloni gorazarre egin diote aurkezpenean: “Kristobal Kolonek Amerikaren aurkikuntzan erabilitako bandera ontziaren erreplika da”, nabarmendu du Desiree Gonzalezek, ontziaren biraren zuzendariak. Era berean, itsasontziko kapitain Manuel Murubek azaldu du 1492ko urriaren 12tik 525 urte bete zirenean egin zutela erreplika hori, eta, ordutik, munduan zehar nabigatzen ari direla: “Lau urtez AEBetatik ibili gara, aurten Europako iparraldetik eta, orain, Santanderretik gatoz”.

Hitzez ez ezik, irudiz ere egin diete gorazarre Koloni, Espainiako armadari eta legatuari, bertan egon baitira hainbat agintari militar eta polizial goitik behera uniformatuta, besteak beste, Gipuzkoako Guardia Zibilaren koronel nagusia, Espainiako Defentsa Ministerioko Donostiako ordezkariordea eta Espainiako Poliziako Operazioen komisario buru nagusia. Duela hiru urte, Kolonen beste ontzi baten, Nao Victoria ontziaren, bisita izan zuen Donostiak.

Aurkezpeneko eta itsasontziko argazki gehiago Irutxuloko Hitzan ikus dezakezue.