argia.eus
INPRIMATU
Nanterreko fiskalak Nahel M. hil zuen poliziaren espetxeratzea eskatu du
  • Asteazken honetan egindako agerraldi publikoan, irekitako ikerketaren lehen urratsak eman ondoren, tiro egin zuen poliziaren atxiloketa eskatu du, egoera hartan “tiro egiteko baldintzarik ematen ez zelako”.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko ekainaren 29a
Nenterreko istiluak Frantziako Estatuko beste hiri batzuetara zabaldu dira. (Argazkia: Zakaria Abdelkafi / AFP)

Asteartean Paris ondoko Nanterre hirian hildako Nahel M. 17 urteko gaztearen heriotzak sua piztu du Frantziako Estatuan barrena. Istiluak estatuko beste hiri handi batzuetara ere zabaldu dira eta asteazkeneko gauean 150 pertsona gehiago atxilotu dituzte, Frantziako Barne Ministerioaren arabera.

Udaltzainen sei auto, tren bat, dozenaka auto eta udaletxe bat erre dituzte errepublika osora zabaldutako istiluetan. Dozenaka polizia ere zauritu dituzte gertakarietan. Errebolta eta egoera aztertzeko ostegun goiz honetan bildu da Emmanuel Macron lehendakaria hainbat ministerioetako ordezkariekin: 40.000 polizia eta jendarme mobilizatu dituzte protestei aurre egiteko, horietatik 5.000 Parisen.

Macronek asteazken goizean adierazi zuen gaztearen heriotza “ulertezina eta aitzaki gabekoa” zela eta doluminak adierazi zizkion familiari. Ostegun honetan egindako adierazpenetan, aldiz, doinu gogorragoa erabili du, egoera baretzera deitu du eta gogor ekin dio protestetan egin diren erasoen aurka.

Fiskalaren bertsioa

Pascal Prache Nanterreko fiskalak agerraldian esandakoaren arabera, bi poliziak entzun ditu, hainbat bideo publiko zein herritarrek egindakoak ere ikusi ditu, eta horren arabera gertatutakoa azaldu du: Asteartean, 7:55 inguruan, bi poliziek autobus bidetik azkar zioan autoa geldiarazi nahi izan zuten lehenbiziz. Hura semaforo batean geldituta zegoela bide bazterrera egiteko agindu zioten, baina gidariak ez zuen kasurik egin eta semaforoa gorrian pasatu zuen.

Ihesean zihoan autoak aurrerago gelditu behar izan zuen, auto buxadura batean. Bi poliziek armak atera zituzten eta autoaren kontaktua itzaltzea agindu zioten gidariari. Gidariak ez zien kasurik egin eta polizietako batek tiro egin zion. Poliziak berak artatu zuen lehen unean Nahel M. Autoaren atzeko bidaiaria atxilotu zuten, eta gidariaren albokoak ihes egin zuen.

“Borondatez egindako homizidioagatik” irekitako ikerketaren baitan, asteazken goizean epailearen aurrean igaro ziren bi poliziak eta tiro egin zuenak azaldu zuen hala egin zuela berriz ihes egitea saihesteko, gidariak modu arriskutsuan gidatzen zuelako eta edonor harrapatu zezakeelako. Dena entzun eta ikusita, fiskalak uste du egoerak ez zuela eskatzen arma erabiltzea, eta horregatik poliziaren espetxeratzea eskatu du.

2017ko legearen arrastoak

Asko dira Frantzian poliziek egiten dituzten tiroketak, baina 2017tik egoera areagotu egin dela salatzen dute eremu askotatik. Le Monde egunkariak ere horren inguruan egin du editoriala, adieraziz “aldez aurretik iragarritako drama baten aurrean" gaudela, “gertaerak lotura zuzena duelako 2017ko otsailean onartutako Segurtasun Publikoaren Legearekin”, eta hura onartu ondoren abian ziren autoen aurkako tiroketak nabarmen handitu direla.