argia.eus
INPRIMATU
Nakba oroitu eta Gazan gertatzen ari dena salatzeko elkarretaratzeak gaur hiriburuetan
  • Israelgo estatua eratu zela 70 urte betetzen diren honetan, Israelek sarraskia eragin du beste behin Gazan. Nakba oroitzeko hiriburuetan deituta zeuden elkarretaratzeetan Gazan gertatutakoa salatuko da.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 15
Palestinaren aldeko mobilizazioa Londresen (Alex Mannion-Jones)

70 urte betetzen dira Nakba (“hondamendia” arabieraz)  izenez ezagun egin den egunetik, sionistek Israelgo estatua alde bakarrez aldarrikatu eta palestinarren erbesteratzea hasi zenetik. Ordutik hona Israelek herri palestinarraren aurka egindako erasoak etengabekoak izan dira, atzo egin zuelarik azken indarkeria erakustaldia. AEBek enbaxada Jerusalemera eramatearen aurkako protestetan gutxienez 58 palestinar hil eta 1.500 zauritu eragin zituen Israelgo Armadak. Martxoaren 30ean palestinar errefuxiatuen etxera itzultzeko eskubidea aldarrikatzen duen Itzuleraren Martxa Handia hasi zenetik Israelek hildako palestinarren kopurua gora doa etengabe.

Azken orduetako gertakariak tarteko, Euskal Herriko hiriburuetan Nakba oroitzeko deituta zeuden elkarretaratzeak Gazan gertatzen ari dena salatzeko ere baliatuko dira. Deialdiak hauek dira: Donostian, 19:30etan, Bulebarrean; Bilbon, 19:30etan, Areatzan; Gasteizen, 19:00etan, Andra Mari Zuriaren plazan; Iruñean, 19:00etan, Udaletxe plazan.