Soldatak izoztuta daude 2012tik eta langile bat kaleratu dute azken asteetan. Egoera konpondu ezean, greba egun gehiago irragarri ditzakete langileek.
Naipes Heraclio Fournier enpresa ezaguneko langileek greba egingo dute euren lan baldintzen egoera salatzeko. Urriaren 30ean eta 31n ekingo diote grebari.
Baina lan baldintza orokorretaz gain, badaude beste bi arrazoi grebari ekiteko: langile baten kaleratzea eta soldatak bere horretan mantentzea.
Soldatak 2012tik dituzte izoztuta langileek. Hori dela eta, zuzendari industrialarekin duten erlazioa nahiko txarra da orain dela urte batzuetatik. “Arduradunetako bat aldatu zen arren, egoera ez da hobetu. Horren aurrean, biltzen hasi ginen; orain neurriak hartzeko ordua da”, adierazi dio langileetako batek Hala Bediri.
Kaleratzearen zergatiei dagokienez, “diziplina arrazoiak” argudiatu zituen enpresak. Baina langileek guztiz gezurtatu dute enpresaren azalpen hau.
Enpresa komitearen ustetan, “lehenengo kaleratzea da, baina baliteke azkena ez izatea”. Hori izan da arrazoi nagusietako bat grebari ekiteko: kaleratze gehiago ekiditea. Are gehiago, egoera ez bada aldatzen, greba egun gehiago iragarri ditzakete langileek.
Twitter kontu baten ari dira euren mobilizazioen berri ematen: @Fournierborroka.
Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.