argia.eus
INPRIMATU
Nahikari Otaegi: “Aste honetan sartuko naiz kartzelan, zazpi hilabeteko alabarekin”
  • Segiko kide izateagatik kondenatutako Nahikari Otaegi gazte donostiarrak bere burua entregatuko du aste honetan. Donibane Lohizunen bizi da eta zazpi hilabeteko haurrarekin batera sartuko da espetxean sei urteko zigorra betetzera. Pasa den ostiralean Donostian atxilotu zituzten gazteen talde berekoa da Otaegi. Euskal Irratiek elkarrizketa egin zioten Ertzaintzak bere lagunak atxilotu eta ordu batzuetara.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko apirilaren 22a
Nahikari Otaegi gazte donostiarra (argazkia: Irutxuloko Hitza).

"Beste egoera batean egongo banintz, ni ere Donostiako Bulebarrean izango nintzateke pasa den ostiralean, baina bi seme-alabarekin... gauzak lasaitasun handiagoarekin hartu nahi nituen", azaldu du Otaegik. "Aste honetan sartuko naiz kartzelan, zazpi hilabeteko alabarekin. Oraindik ez dugu erabaki zehazki zein egunetan aurkeztuko naizen, baina aurki egingo dut. 2009an ni askatzeko gurasoek jarri zuten fidantza gal dezaket epe jakin batean aurkezten ez banaiz. Bien bitartean, frantziar polizia bila ez etortzea espero dut".

Alabarekin aurkezteari buruz galdetuta, "oso gaizki" daramala dio Otaegik. Dena den, "apur bat egoista izanda", umearekin sartzea hobe dela uste du: "Espetxe barruan afektiboki mugaturik zaude, bisitak kristalaren atzealdetik egiten dira, bis a bisak hilean behin izan ditzakezu... zentzu horretan haurrarekin sartzea kristorena da. Bestetik, ordea... Familian lau gara eta semea aitarekin geratuko da, familia erdibituko da". Otaegiren alabak zazpi hilabete ditu, eta 3 urte bete arte egon ahal izango da amarekin.

"Harro sartuko naiz kartzelara"

Aske Guneko esperientziari dagokionez, "historia honetatik atera den gauzarik politena" dela dio Otaegik: "Jendeari aukera eman zaio parte hartzeko eta erantzuna izugarria izan da, oilo-ipurdia jartzen zait gogoratzen dudan bakoitzean. Kontzertuak eman dituzte, hitzaldiak, etxera lagundu gaituzte...".

Azken mobilizazioekin alderatuz zer aldatu den galdetzean, "jendearen inplikazioa" aipatu du Otaegik: "Kroketak ekarri dituen jendea, hitzaldiak eman dituena, Ertzaintzaren jipoia jasotzeko prest egon dena... sarri, auzipetua zu zeu edo zure inguruko norbait ez bada, zure inplikazioa manifestazioan parte hartzera muga liteke, baina oraingoan... Honek guztiak indarra ematen dizu. Harro sartuko naiz kartzelara".

Aurore Martinen aldeko mobilizazioak ispilu izan dituen mugimendua horretan ez geratzea espero du gazte donostiarrak. "Gazte ugari dago gure egoera berean, eta ez dut uste horretan geratuko denik. Jendea oso inplikatuta dago, oso haserre. Haserre hori nola bideratu jakitea da giltza".

"Lan politikoa egiteagatik zigortu gaituzte"

"Militantzia politikoa egiteagatik jarri digute seina urteko espetxe zigorra", salatu du gazte donostiarrak: "Abokatuek diote sinesgaitza dela, frogarik ez dagoela, defentsak esandakoa apenas aipatzen dela... baina hau da dagoena".

Otaegi 2007an atxilotu zuten Segikoa izateagatik: "Lan politikoa egiteagatik 26 lagun atxilotu zituzten, eta haietako 18 auzipetu. Nik urte eta erdi eman nuen kartzelan. Gehienak fidantzapean atera ginen 2009an".