argia.eus
INPRIMATU
“Nahi duzu Katalunia estatu independentea izatea?”
  • Hori izan daiteke 2017ko irailaren bigarren hamabostaldian Katalunian egin litekeen erreferendumean herritarrek erantzun dezaketen galdera.

ARGIA @argia 2016ko irailaren 30
2014ko azaroko kontsultan botoa ematen ari da adineko gizona. 2014ko azaroko kontsultan botoa ematen ari da adineko gizona.

Ez da galdera hori izango erreferendumekoa, edo bai, baina erabaki gabe dago oraindik. Atzo Kataluniako Legebiltzarreko konfiantza mozioa gainditu ondoren, Carles Puigdemont presidenteak adibide gisa jarri zuen galdera 8TV-en egindako elkarrizketan. Haren esanetan, bai edo ez argi erantzuteko modukoa izan behar da galdera.

Puigdemontek 72 diputaturen babesarekin lortu zuen ostegunean konfiantza mozioa gainditzea, Junts Pel Sí eta CUPeko boto guztiekin. Urte hasierako inbestidura saioan, adibidez, CUPeko bi boto gutxiago lortu zituen.

CSQP-ek ez zion konfiantza eskaini Puigdemonti, baina atzo eta herenegun independentismoaren gogoak ase eginda utzi zituen, oso garbi azaldu baitzuen deituko den erreferendumarekin bat egiten dutela. Ez dago argi, ordea, ea zer egingo duten Espainiako Gobernuak uko egiten badio erreferendum adostua egitearen asmoari. Oraingoz, baina, En Comúkoak erreferendum loteslearen gurdi gainera igotzea oso ongi hartu da independentismoaren lerroetan.