Kolektibo feministek sendo borrokatu dute Nagore Laffagen hilketa ahaztu ez dadin. Aste honetan jakin da Laffage hil zuen Jose Diego Yllanes mediku gisa dabilela lanean Madrilgo klinika batean. Aurrekari penalak kontuan hartu eta legea “gogortzeko” eskatu dute bi taldeek.
Andrea eta Lunes Lilaseko kideek aurrekari penalak ebaluatzen dituen neurriaren erregulazioa eskatzen dute. Izan ere, egungo arautegiak sexu delituak, erasoak, bortxaketak, prostituzio kasuak eta pertsonen trafikoko auziak baino ez ditu hartzen kontuan. Gainera, adin txikikoekin eta nerabeekin lan egiten duten profesionalei baino ez zaie ezartzen neurria. Hau da, gainontzeko delituak ez dira aintzat hartzen, ezta hilketa ere. Hori dela eta, legea “bigunegia” dela diote kolektibotako bozeramaileek eta Osasun Sailari nahiz erakunde pribatuetako arduradunei neurriak hartzeko eskatu diote.
“Erabateko atsekabea” sentitu dutela adierazi dute Yllanes aske eta lanean dela jakiterakoan. Hamabi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion epaileak 2008ko San Ferminetan Nagore Laffageren hiltzaile izatea leporatuta, baina 8 urte eta 11 hilabete pasa ditu espetxean. Uztailean hirugarren gradua eman zioten eta egun Madrilgo Psikologia eta Psikiatria klinika baten dabil lanean. Eztabaida eta zeresan handia eman du albisteak sare sozialetan eta klinikak Yllanesen izena kendu du webgune ofizialetik.