argia.eus
INPRIMATU
Nafarroaren autogobernuaren aldeko agiri bat sinatu dute 11 alkatek
  • 'Nafarroa defendatu' agiria lurraldeko gainerako alkateei sinatzeko gonbita egin diete eta martxoaren 2an 17:30ean, Iruñeko Sarasate pasealekuan elkarretatratze bat deitu dute. Espainiako Auzitegi Gorenaren azken “erasoaren” aurrean, nafarren erabaki ahalmena errespetarazi behar dela aldarrikatu dute. 

Olaia L. Garaialde 2024ko otsailaren 26a
Nafarroa defendatu agiria sinatu duten alkateak Nafarroa defendatu agiria sinatu duten alkateak

Otsailaren 15ean, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen trafiko eskumena Nafarroaren esku uzteko dekretua. Auzitegi Gorenaren azken “erasoaren” aurrean, nafarren erabaki ahalmena errespetarazi behar dela aldarrikatu dute 11 alkatek. Horretarako, Nafarroako autogobernuaren aldeko Nafarroa defendatu agiria sinatu dute alkateek, eta lurraldeko gainerako alkateei atxikitzeko gonbita egin diete. 

Agiria sinatu duten alkateek Nafarroaren luze-zabaleko udalerriak ordezkatzen dituzte: Altsasu, Antsoain, Azkoien, Burlata, Donamaria, Erriberri, Erronkari, Puiu, Torres del Rio, Zirauki eta Zizur Nagusia. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko egoitzan eman dute agiriaren berri, eta Berta Arizkun Burlatako alkateak edukia laburbildu du. 

Auzitegi Gorenaren erabakiaren ostean, Maria Txibitek, Nafarroako Gobernuko lehendakariak aurreratu zuen Foru Hobekuntzan “erreforma azkar bat” egitea bultzatuko duela. Alkateen ustez,  egoerari irtenbidea emateko lege formulek balioa dute, baina horrek ez du salbuesten epaiari kritika egitea. 

Erantzun jarrera "irmoa"

Arizkunek alkate guztien izenean salatu du ez dela Auzitegi Gorenak autogobernuari eraso egiten dion lehenengo aldia: “Erantzun jarrera irmoa hartu behar dugu berriro gerta ez dadin”. Nafarroaren eskubide historikoen eta autogobernuaren aurkako eraso bat dela ere azpimarratu dute: “Nafarroaren eskumen historikoak ezin dira nafarren borondate politiko demokratikotik kanpoko tresnen menpe egon, ezta dinamika birzentralizatzaileei erantzun ere”.

Nabarmendu dute “jokoan” dagoela nafarrek beren bizitzari zuzenean eragiten dioten “politika publikoak” garatzeko gaiatsuna izatea: “Horregatik, aurrerapauso bat eman behar dugu”. 

Horrekin batera, martxoaren 2an 17:30ean, Iruñeko Sarasate pasealekuan deitu duten elkarretaratzera joateko eskatu diete herritarrei.