Ehunka pertsona bildu ziren joan den larunbatean Iruñean Nafarroaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, Gure Esku Dago elkarteak deituta. Guztien artean giza armarri bat osatu zuten Gazteluko Plazan.
Eguerdian bildu ziren Iruñeko erdigunean –antolatzaileen arabera mila lagun– eta aldez aurretik lurrean marraztutako marren gainean jarrita osatu zuten pertsonekin egindako Nafarroako armarria. Aitor Urrutia eta MIriam Mendikute bozeramailek esan zutenaren arabera, "Nafarroako armarria osatu dugu, Nafarroako burujabetza maite dugulako: nork ez du nahi nafarrek gure etorkizuna erabaki dezagun?".
Erabaki eskubidea, halaber, beste gai sozial askorekin ere lotu zuten eta erreferentzia egin zioten azken hilabeteetan izan diren mobilizazio handiei, hala nola, Martxoaren 8ari, La Manadakoen epaiari, edo pentsionistei.
Gure Esku Dagok herri galdeketetan oinarritu du bere jarduera azken urteetan eta Euskal Herri osoko 203 herritan 830.000 lagunek izan dute bozkatzeko eskubidea eta ia 200.000ek bozkatu dute. Nafarroak 47 herritan izan dira bozketak eta ia 10.000 pertsonak bozkatu dute. Datorren ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza katea egingo da. 2014an Bilbo eta Iruñea lotuz egindako giza katean 150.000 lagun bildu ziren.
Argazkiak Ekinklik-ek argitaratu ditu eta ARGIAra ekarri ditugu CC by-sa lizentzia baliatuta