Atzo Gasteizen egindako ez ohiko batzarrean EAk Nafarroa Bai koalizioari buruzko ebazpena (pdf) onartu zuen eta “Nafarroari dagokionez” datozen hauteskundeetarako aukera bakarra NaBai dela azaldu du alderdi horrek.
EAk NaBai-ren “hasierako printzipioekin” jarraitzeko asmoa agertu du eta Nafarroan beste edozein “hautes-konpromiso” baztertu du: “ez, ordea, estrategikoak, eta horrek ez dakar, inolaz ere, indar abertzale, aurrerakoi eta ezkerreko guztien metaketaren alde, Nafarroan ere bai, lan egiteari uko egitea”. Ondorioz, EAk ezker abertzale ilegalizatuarekin eta Alternatibarekin dituen akordioei eutsiko die.
Bestalde, hainbat gizarte eragilek ezker abertzalea legeztatzea eskatzeko manifestazioa deituko dute otsailaren 19an Bilbon, Berriak gaurko alean jakinarazi duenez. Horrez gain, alderdi berri baten estatutuak aurkezteko agerraldia iragarri dute datorren asterako. Ezker abertzaleak legeztatzearen aldeko kanpainari larunbat honetan ekingo dio Euskal Herriko herrietan antolatutako hainbat ekimenekin.