Astelehenean erabaki dute Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak datorren abenduaren 20ko hauteskundeetan elkarrekin aurkeztuko direla Espainiako Senatura.
Geroa Baik egin zuen proposamena duela bi aste eta hautagaitza bai-ez ibili izan da denbora honetan. Uxue Barkosen alderdiak eta EH Bilduk hasieratik erakutsi zuten aldeko jarrera eta Ahal Dugu uzkur agertu zen. Bere hautagaia lehena edo goi postuetan izatea eskatu zuen eta baita ere ateratzen ziren senatariak Espainiako Podemoseko taldean sartzea. Ahal Dugu joan ezean, Ezkerra ere ez zela joango iragarri zuten koalizioko kideek.
Nafarroari lau senatari dagozkio hautatzea hauteskundeetan eta lehia izango da aldaketaren indarrak eta UPN-PPren artean, areago eskuineko bikoteak joan den urriaren 30ean elkarrekin aurkeztea erabaki zuenetik. Alabaina, aurteko maiatzeko foru hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuz gero, aldaketaren blokeak aise irabaziko luke: lau indarren artean 159.000 boto lortu zituzten eta UPN eta PPren artean 105.000.