Ikerketa honekin, zenbatu dute 5.181 tortura kasu izan direla Hego Euskal Herrian 1960tik. Nafarroako Torturatuen Sareak eskatu dio Foru Gobernuari ikerketarekin segitzeko, erreparazioaren bidean: “Kopuru izugarriak izan arren, torturaren tamaina eta intentsitatea oraindik ez dira osotasunean ezagutzen”.
Nafarroako Torturatuen Sareak eta beste hainbat elkartek urteak daramatzate euskal herritarren aurka arrazoi politikoengatik egin dituzten torturak ikertzeko eskatzen, eta asteon beste pausu bat eman da. Tortura sistemikoa izan dela ondorioztatu du Kriminologiaren Euskal Institutuaren azken ikerketak, eta “eskala handiko abusuak” izan direla dio. Azken txostena aurrekoez arduratu den institutu berak egindakoei gehituta, 1960tik 2015erako tartean 1.068 tortura kasu (891 pertsonari) zenbatu dituzte Nafarroan; Hego Euskal Herrian orotara 5.181 kasu.
Kriminologiaren Euska Institutuak nabarmendu du ikerlana amaitzeke dagoela, epe eta finantzaketa arrazoiak tarteko
Kriminologiaren Euskal Institutuak astelehenean helarazi dio azken txostena Nafarroako Gobernuari: 1979tik 2015era Nafarroan izandako tortura kasuak aztertu dituzte, giza eskubideen urraketak aztertzeko gobernuak emandako dirulaguntzarekin. Laura Pego ikertzaileak zuzendu du ikerketa, eta harekin izan dira Paco Etxeberria eta Jeannette Ruiz. Halere, nabarmendu dute ikerlana amaitzeke dagoela, epe eta finantzaketa arrazoiak tarteko. Gobernuari horretan segitzeko galdegin diote, aurreikusi baitute dituzten datuekin beste 310 tortura kasu identifikatuko dituztela, gutxienez.
Kriminologia Institutuak astelehenean ezagutarazitako txostenean 825 tortura kasu ondorioztatu ditu 1979tik, 676 pertsonari egindakoak. Proportzioan gehienak 1979tik 1984ra egindakoak dira: 180. 2000tik aurrerakoak, berriz, 132 kasu dira, eta horietan azkena 2015ekoa. Irakurri txostenaren laburpena osorik hemen PDF formatuan.
Nafarroako Torturatuen Sareak positiboki baloratu du txostena, aitortzarako bidea egiten jarraitzen dutelako ikerketek. Ainara Gorostiagak eta Jorge Txokarrok azaldu dute astelehen arratsaldean balorazioa, prentsaren aurrean, torturatuak izan diren hainbat lagunen babesean. Oraindik egiteke dagoenean jarri dute azpimarra: “Kopuru izugarriak izan arren, torturaren tamaina, dentsitatea eta intentsitatea oraindik ez dira bere osotasunean ezagutzen. Torturaren errealitatea bere osotasunean jaso behar da, bere ondorio politiko, sozial, kultural eta gizatiarrak aztertu behar dira, baita gizarte moduan erreparaziorako bideak ireki ere”. Nafarroako Gobernuari zuzenean eskatu diote bidea egiten jarraitzeko, eta berriro gauza bera ez pasatzeko bermeak eskatu dizkiote.
Ahotsa.info-k bideo honetan bildu ditu adierazpenak: