Nafarroako zor publikoa aztertuko dute 2005etik boskoiztu ostean

  • Nafarroako Parlamentuak onartu du zor publikoa aztertzeko ponentzia sortzea. Aldaketaren aldeko alderdiek babestu dute; PSN abstenitu egin da, eta UPNk eta PPNk aurka bozkatu dute. 


2016ko otsailaren 25an - 11:03
Navarra Arena da UPNren gobernuak egindako inbertsioetako bat. 56 milioi euro gastatu dituzte dagoeneko eraikinean, baina oraindik ez dituzte obrak bukatu.

Nafarroako Parlamentuko Ogasuna eta Finantza Politika batzordeak onartu du “Nafarroako zor publikoaren zenbatekoa, zein egoera ekonomikoek eta fiskalek sortu duten, eta berari aurre egiteko aukerak aztertzeko” batzordea sortzea. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak alde bozkatu dute, PSN abstenitu egin da, eta UPNk eta PPNk aurka bozkatu dute.

Alderdi bakoitzak batzordean parte hartuko duen ordezkari bat izendatu beharko du martxoaren 4a baino lehen. Batzordeak sei hilabeteko epea dauka egoera aztertzen duen txostena egiteko. Gaur egun, 3.500 milioi euroko zorra du Nafarroako Gobernuak eta zor horren kontu-ikuskaritza egingo dute erakunde baten bidez. Bost aldiz handitu da zorra 2005tik hona –nafar bakoitzak 1.000 euro zor zituen 2005ean, eta iaz 5.000 euro zor zituen herritar bakoitzak–.

Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak tresna “baliagarritzat” jo du batzordea, “epaiketa politikotik haratago, zorraren inguruko informazioa” emango duelako: “Garrantzitsua da jakitea zergatik handitu den zorra hainbeste, eta egon ote den legez kontrako jarduerarik”. Jokin Castiellaren (Geroa Bai) ustez, “erreminta erabilgarria” da, eta balioko du “orain arte egindakoa mahai gainean jartzeko”. Fátima Andreo Podemoseko parlamentariak nabarmendu du zorraren zenbatekoa “ordainezina” bihurtu dela, eta gaineratu du ez dela gauza bera zorra sortzea inbertsio publikoak eta politika sozialak abian jartzeagatik, edo beste erabilera batzuengatik”. José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) ere adierazi du “erabilgarria” dela proposamena.

PSN abstenitu egin da: Ainhoa Unzu zorra aztertzearen alde dago, baina ez txosten baten bidez: “Lan hau egiteko beste instituzio batzuk dauzkagu, Nafarroako Kontuen Ganbera, esaterako”. UPNk eta PPNk aurka bozkatu dute, zorra “aztertuta” dagoela argudiatuta. Juan Luis Sánchez de Muniáin UPNko alderdikideak ziurtatu du “epaiketa politikoa” egin nahi dutela, eta parlamentuak ez duela “sinesgarritasunik”. Ana Beltranek (PPN) galdera luzatu die beste alderdiei ea zorra bidegabea den jakin nahi duten, ordaindu ez dezaten, eta atzera begiratzeari uzteko eskatu die.

Ikusi beharko da zein diren txostenaren ondorioak: legez kontrako jarduerarik bat ote dagoen zorraren atzean, eta kasu horretan sortzen den zor bidegabearen aurrean nola jokatzen duten. Beste zenbait herrialdetan, Grezian esaterako, Europar Batasuneko legebiltzar bateko batzorde berezi batek ikertu zituen herrialdearen zor itzelak, erabakitzeko horietatik zenbat diren legezko bezain ordaindu beharrekoak, eta zenbat bidegabeak. Gutxienez sei hilabete itxaron beharko da Nafarroan zor bidegaberik ba ote dagoen, eta zorraren zati bat ordaintzeari uko egin diezaiokeen ikusteko.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako Gobernua
Trafiko eskuduntza bermatzeko Foru Hobekuntzaren erreforma adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek

Foru Hobekuntzaren erreforma adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek, Trafikoa foru exekutiboaren eskuduntza historiko eta esklusiboa dela blindatzeko.


Estatuaren edo eskuin muturreko taldeen lehen hamabi biktima onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.


Forestaliaren lau goi-tentsioko lineari helegitea jarri die Nafarroako Gobernuak

Asteazkeneko gobernu bileran hartu zen erabakia eta horren ondorioz, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Forestalia konpainiari emandako baimenen aurkako helegitea jarriko du foru gobernuak.


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Eguneraketa berriak daude