argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako ubideko 57 kilometroak eguzki-plakekin estaliko dituzte
  • Nafarroako Gobernuak bideratuko du proiektua eta ubidea estaliko du eguzki-plakekin energia berriztagarria sortzeko. Ubidea iparraldetik hegoaldera doa, 57 kilometro ditu aire zabalean eta lehenbizi lizitatuko den zatiak hamar kilometro ditu.

ARGIA @argia 2023ko martxoaren 31
Argazkia: Obras Especiales

Nafarroako kanal fotovoltaikoak guztira 160 megawatteko (MW) potentzia nominala izango du, Nafarroako Gobernuaren arabera, gaur egun herrialdeak duenaren ahalmena bikoiztuko luke. Guztiz bukatuta dagoenean, Nafarroako eraikuntza publikoek kontsumitzen duten energiaren erdia hornituko duela kalkulatzen da.

Proiektuak izaera publikoa izango du eta hori dela eta prezio egonkorrak; horrela, Foru Gobernuan kalkulatzen dute 30 urtetan egindako inbertsioa amortizatuko dutela. Alaiz mendi lerroaren azpian hasiko dira lanak eta Elo, Elortzibar, eta Tiebas-Muruartederretako udalerrietako ubide zatia hartuko luke lehen fasean. 30 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da guztira.

Lehenengo fase honetan, 20 MWko potentzia nominal bat instalatuko da –bakoitza 5 MWko lau instalaziotan-, eta horrek, proiektu osoaren potentzia totalaren %12a suposatzen du. Gobernuko ordezkariak ostegun honetan bildu ziren Elon Ureztatzaileen komunitatearekin eta proiektuak hartzen dituen udalerrietako arduradunekin, eta haren xehetasunak azaldu zizkieten. Nafarroako Ubidea Canasa entitate publikoak –%60 Nafarroako Gobernuarena da eta %40 Espainiakoarena– kudeatzen du, eta alde horretatik Espainiako Gobernuaren baimena ere behar izan du.

Ubidea bi metro eta erdi, eta lau metro arteko egitura batekin estaliko da, haren gainean plakak jarri ahal izateko. Kalkulatzen da, halaber, egitura honekin baporazioz aireratzen den uraren %30ari eutsiko zaiola ubidean.

“Proiektu hau, Nafarroarako egitura-ardatz bat bihur liteke burujabetza energetikoaren ikuspegitik eta urrats garrantzitsua suposatzen du kontrol publikotik, lurraldean inolako inpakturik ez izateagatik, gobernuak bere energia berriztagarria prezio finko batekin sortu eta hornitu dezan”, adierazi zuen Elon Jose Mari Aierdi, gobernuko lehendakariorde eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak.

Nafarroako Gobernuko ordezkariak, udalerrietakoak eta Ureztatzaileen komunitatekoak Nafarroako ubidean. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)