Astelehenean abiatu da sindikatuak deitutako greba eta apirilaren 6 arte luzatuko da. Lan-gainkarga salatu eta baldintzak hobetzeko eskatu dute, baita mediku egoiliarrei karrera profesionala aitortzea ere.
Grebara deitzea erabaki du sindikatuak, Tuterako, Lizarrako, Ubarminko eta Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko asanbladak batu ostean. Astelehenean abiatu da eta hilabete inguru iraungo duela adierazi du sindikatuak; Naizek jaso duenez. Sailarekin eta Jaurlaritzarekin "elkarrizketarik" ez dagoela eta aldez aurreko akordioak ez direla betetzen adierazi dute Osasunbideko medikuek. Halaber, 2025eko Aurrekontuen Legeak beren kolektiboarentzako hobekuntza-neurri nahikorik jasotzen ez duela salatu dute.
Administrazioak lanez kanpoko orduak egitera behartzen du kolektiboa, "zerbitzuaren beharrak aitzakiatzat hartuta" eta "mugarik gabe", sindikatuak adierazi duenez. Gauzak horrela, inguruko "erkidegoekiko lehiakorragoak egingo gaituzten lan-baldintzak hobetzea" eskatu dute; mediku egoiliarrei karrera profesionala aitortuz, besteak beste.
Sindikatuak bidalitako gaitegia eta egutegia jaso eta onartu duela adierazi du Osasun Sailak, eta negoziaketak ostegun honetan hasiko direla.
%2ko jarraipena
Astearte goizeko txandan grebak %2,01eko jarraipena izan du, Nafarroako Osasun Sailaren arabera. Sindikatuak adierazi du, bere aldetik, "greba egin ahal izan duen eta egin duen jendea soilik" hartu duela kontutan sailak eta ez "gutxieneko zerbitzuetan egonik greban daudela jakinarazi duten" medikuak.
Nafarroako Medikuen Sindikatuakazken hiru urteetan deitu duen bigarren greba da atzo hasitakoa. Aurrekoa 2023ko otsailean amaitu zen eta sindikatuak hilabeteko soldataren 400 euroko igoera lortu zuen, beste hobekuntza batzuen artean.