Nafarroako Ospitaleko sukaldeetan bideokamerak jarriko dituzte, platerak ondo prestatzen direla ziurtatzeko. Catering enpresarekin izandako istiluei erantzuteko aurkeztu da neurria.
Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak azaldu duenez, kamerak jartzeaz gain, janaria garraiatzen duten gurdiak aldatuko dituztela nabarmendu du, eta lehengoak tenperatura egokietan egon ez izana onartu du.
Dagoeneko Mediterranea de Catering enpresak 6.000 euroko isuna dauka kalitate txarreko edo gaizki prestatutako janaria eta gaixoari eman ezin zaion menua zerbitzatzeagatik, eta zigorra jaso dezakeen beste bi txosten zabalik daude oraindik. Guztira, 70.000 euroko isuna eduki lezake enpresak. Halere, Verak esandakoaren arabera, ez dirudi Nafarroako Gobernuak Mediterranearekin harremanak mozteko asmorik duenik.