argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako osasun etxe guztiek test azkarra ere erabiliko dute gaurtik aurrera
  • Antigenoen testa erabiliko dute Nafarroako osasun etxe guztietan azaroaren 2tik aurrera. Baina test azkarrak ez dituela PCR testak "ordezkatuko" adierazi du Nafarroako Gobernuak, "osatu baizik, eta gero eta gehiago erabiltzea aurreikusten da". Sintomekin bost egun baino gutxiago daramatzaten eta ospitalaratzeko motiborik ez duten gaixoekin erabiliko dira test azkarrak. Emaitzak 15 minutuan ematen dituenez, aztarkariak inguruko pertsonen bila lehenago hasi ahal izatea du helburu, gaixoa lehenago bakartzea eta kutsatu kopuruen uneko argazki errealagoa izatea.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 02a

Osasun etxeek aparteko ibilbide bat eratu dute arnas arazoei lotutako gaixoentzat, eta ibilbide horren barruan dagoen erizaintzan egingo dira test azkarrak: COVID-19aren sintomak dituzten herritarrek egunean bertan jasoko dute antigenoen testa egiteko hitzordua. Enfermeritzan konstanteak neurtuko dizkiote eta beharrezko ikusten bada test azkarra egingo diote. Azterketaren emaitzak jasotzeko behar diren 15 minutuak pasatu ostean, erizaintzak baloratuko du ea sintoma arinak dituen eta ea arrisku faktorerik duen. Sintoma larririk badu edo arrisku faktorekoa bada, medikuarekin aurrez aurreko kontsulta jasoko du.

Urriaren 12an hasi ziren Nafarroako eskualde batzuetako osasun etxeetan test azkarrak erabiltzen eta azaroaren 2tik lurralde osora zabalduko da.

Mila biztanleko PCR gehien egin dituen erkidegoa

Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, irailaren erdialdeaz geroztik bera izan da PCR proba gehien egin dituen erkidegoa: mila biztanleko 522 proba egiten ditu gaur egun.