argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Ogasuneko ikuskatzaile batek bazekien Osasunaren partidu erosketaz
  • Angel Vizcay Osasunako gerente ohiak jakinarazi duenez, Nafarroako Ogasuneko teknikari batek bazekien Osasuna dirua ateratzen ari zela partiduak erosteko.

ARGIA @argia 2015eko martxoaren 10
Lourdes Goicoechea sailburuak ikerketa agindu du Nafarroako Ogasunaren baitan eta Legebiltzarrean agerraldia egingo du. Lourdes Goicoechea sailburuak ikerketa agindu du Nafarroako Ogasunaren baitan eta Legebiltzarrean agerraldia egingo du.

Vizcayk Espainiako Futbol Profesionaleko Ligako (LFP) Javier Tebasi esandakoak dira eta igande gauean Ser irrati kateak deklarazioaren transkripzioa eman zuen ezagutzera. Transkripzio hau izan da LFPk Osasunako zuzendaritzako kide ohien aurka jarritako kereilaren oinarria.

“Nik diru hori atera nuen klubera eramateko –dio Vizcayk–, Espainiako Bankua dela eta bazen 500eko billeteagatik ikuskaritza bat; nik esan nion ikuskatzaileari kontua zein zen [partiduen  erosketa]. Berak esan zidan ea izan nezakeen klubeko gutun bat, lehendakariak sinatua eta ni gaiaz libratuz, nik ateratzen nuen diru hau klubarentzat zela esanez, altxor beharretarako. Orduan zera esan nion Patxi Izcori: “Begira, arazo hau dut, ikuskatzaileak eskatutako gutun hau idatzi dut. Sinatu zidan, ikuskatzaileari eraman nion eta aferaren akta egin zidan”.

Vizcayren esanetan, Osasunako zuzendaritza guztiak zuen erosketa hauen berri eta azken bi kirol zuzendariek ere –Ángel Martín González eta Pedja Vasiljevic– parte hartu zuten ordainketak egiteko diru garraioetan. 2013ko irailaren 13an Osasunak batzar nagusia egin zuen eta bertan diru kontuek eragindako egoera larria aztertu zen. Batez ere Ogasunarekiko zorrak izan ziren mintzagai eta Vizcayk esan zuen Nafarroako Ogasunak ezikusia egiten zuela taldeko zorrarekin, horrela Osasunak fitxaje onak egin ahal izateko.

Lourdes Goicoechea Nafarroako Gobernuko Ekonomia,  Ogasun, Industria eta Enplegu sailburuaren esanetan, berak ez zuen kontu hauen inongo berririk eta ikerketa ireki du gaia argitzeko. Legebiltzarreko EH Bilduko taldeek Goicoechearen agerpena eskatu dute eta talde guztiek egin dute bat eskaerarekin.

Yolanda Barcina lehendakaria isilik da orain, baina 2012an Patxi Izcok zuzendaritza utziko zuela iragarri zuenean, ondo goraipatu zuen Izco eta bere lana, ABCko titulu honek argi adierazten duen bezala: “Barcinak dio Patxi Izco Osasunako lehendakari ‘bikaina’ izan dela”.