argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako merkantzia garraioko langileak greban, 2008tik berritu gabeko hitzarmena negoziatzeko
  • 24 orduko grebara daude deituta Nafarroako 5.000 merkantzia garraiolari, hamazazpi urtez berritu gabe duten lan hitzarmen berriaren negoziazioetan presio egiteko. Soldata eguneraketa eta lan karga mugatzea eta murriztea eskatzen dute langileek. 

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko azaroaren 24a
Astelehen goizeko mobilizazioko irudia @ELANafarroa

Nafarroako merkataritza garraiolariak hamazazpi urtez berritu gabe duten lan hitzarmen berria negoziatzen ari dira. Ordutik, besteak beste, Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) %32,1 egin du gora lurraldean, mobilizatzera deitu duten UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuen esanetan. Negoziazioak blokeatuta daude, izan ere, sindikatuek salatzen dute patronalaren eskaerek “eskubideetan atzera egitea” ekarriko lukeela. Baldintza onuragarriak lortzeko presio egite aldera, 24 orduko grebara deitu dute. Igande gauean hasi eta astelehen gauera arte iraungo duen geldialdira 5.000 langile inguru deitu dituzte. Horrez gain, elkarretaratzeak izaten ari dira Iruñea eta Tuteran.

UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek salatu dute ANET garraiolarien patronala "lan-baldintzak desregularizatzen" saiatzen ari dela. Egin duten hitzarmen proposamenak “lanaldi irregularra luzatuko luke, eskubideak ezabatuko lituzke eta soldatak debaluatuko lituzke”. Sindikatuek iragan astean egin zuten prentsaurrekoan adierazi zuten negoziazioa "blokeatuta" dagoela, eta hitzarmen berrirako baldintza "justu eta orekatuak"eskatzeko premian daudela. 

Sindikatuen eskaera da 2008ko hitzarmeneko kontzeptu ekonomiko eta soldata taula guztiak eguneratzea, eta beraz, 2025erako % 32,1eko soldata eguneratzea aldarrikatzen dute, alegia, 2008tik Nafarroan KPIak izandako igoera. Gainera, datozen 2026, 2027 eta 2028 urteetan taulak  berrikustea proposatzen dute, aurreko urteko KPIa kontuan hartuta. Urteko lan karga mugatzea ere eskatzen dute: gehienez 1.720 ordu lan egitea 215 egunetan, astean elkarren segidako bi atseden egun izatea, eta lanaldi baten amaieratik hurrengoaren hasierara 12 orduko atsedena izatea. Lan egutegi bat ere exijitzen dute, urteko plangintza zehaztu ahal izateko.

Mobilizazioak goizean goiz hasi dira ANETen egoitzaren aurrean Iruñean, eta Jaylo enpresaren parean Tuteran. Egun osoan zehar mobilizazioak deitu dituzte txoko ezberdinetan.