Nafarroako Legebiltzarrak Europar Batasunaren bandera erretiratuko du, errefuxiatuak direla eta Turkiaren proposamena atzera bota arte.
Erabakia ostiral honetan hartu du Nafarroako Legebiltzarreko Mahaiak, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren erabakiz eta horren arabera, EBko bandera erretiratuko da Foru Legebiltzarrean dagoen tokietatik. UPNk erabakiaren aurka egin du.
Turkiatik EBra datozen milaka errefuxiatuei buruz egindako proposamena ezagutu zen hilaren 7an. Bertan aurreikusten denez, EBk Turkiara kanporatuko lituzke Greziako kostetatik legez kanpo sartzen diren iheslari guztiak. Horren truke 6.000 milioi euro emango lioke Estatu Turkiarrari, han errefuxiatuez ardura daitezen.
Akordioa Europako Kontseiluak onartu behar du oraindik eta zalantza handiak dira bere legezkotasunaz, Genevako Hitzarmenak ez duelako baimentzen gerra iheslarien kanporatze kolektiborik.
Oztopo hori saihesteko, Brusela planteatzen ari da iheslariek EBra sartzeko egingo dituzten eskaera guztiak aintzat hartzea, baina ondoren ez lituzke onartuko. Errefuxiatuak helegiterako eskubidea izango luke orduan, baina bitartean Grezian edo Turkian egongo lirateke.
Oraingoz Europar Batasunak nahi du ahalik eta iheslari gehien Turkian gera daitezen, eta herrialde hau pasatzea lortzen dutenak Greziako irletan harrapatuak geratzea. Bitartean, Kontseiluak jarraitzen du aztertzen zein legezko trikimailu erabili kanporatzeak egin ahal izateko.