Azaroaren 20an Madrilgo Nafarren San Fermin elizan egin zen omenaldi faxista errefusatu, eta berau iker dadin eskatu du Nafarroako Legebiltzarrak aho batez.
Aldaketaren alderdiek hiru puntuko adierazpena aurkeztu dute, eta omenaldia arbuiagarria dela jasotzen duen puntuak –hiruetan lehenak– legebiltzarreko alderdi guztien babesa jaso du. Puntu horretan zehazten denez, ekitaldia “bakearen, elkarbizitzaren eta giza eskubideen defentsaren aurkakoa" da.
Beste bi puntuek, aitzitik, ez dute erabateko adostasunik erdietsi: gainontzeko alderdi guztiek alde bozkatu duten bitartean, PPk eta UPNk kontra bozkatu dute. Bigarren puntuak ekitaldian gertaturikoa iker dezaten eskatzen die Espainiako Gobernuko ordezkaritzari eta Barne Ministerioari, “deliturik izan zen argitzeko”.
Hirugarren puntuak, bere aldetik, adosturikoa Madrilgo Artzapezpikutzari, Nafarroan Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzari eta Nafarren San Fermin kongregazioari bidaltzea proposatzen du.
Adierazpen instituzionalaren inguruko akordioa astelehenean lortu zuten, Nafarroako Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Batzordeak Erriberrin eginiko bileran –lehen aldia da horrelako bilkura bat Iruñetik kanpo egiten dena–.
Geroa Baiko bozeramaile Koldo Martinezen esanetan, Parlamentuak onarturiko adierazpenak “horrelako omenaldiek gizartean lekurik ez dutela” erakusten du. Javier Esparza UPNko bozeramaileak, bere aldetik, adierazpenaren bigarren eta hirugarren puntua “lekuz kanpo” daude.
“Madrilgo Artzapezpikutzak eta Espainiako Poliziak ekitaldiaren berri zuten”
Omenaldia meza batean egin zen, Francoren eta Primo de Riveraren heriotzen urteurrenaren harira. Bertaratutakoek ikur faxistak erakutsi zituzten, Francoren aldeko oihuak botatzearekin batera. Aldaketaren alderdiek nabarmendu dutenez, Madrilgo Artzapezpikutzak eta Espainiako Poliziak bazuten ekitaldi honen berri, baina “ezikusiarena” egin zuten.
Hemen ekitaldiaren une bat (Alberto Pradillaren bideoa):