argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako larrialdi zerbitzuen saturazioa salatu dute langileek, eta langile kopurua igotzea eskatu dute
  • Langileak kexu agertu ziren ekainaren hasieran. Fernando Domínguez Nafarroako Osasun kontseilariak erantzun zien "euren eskuetan" zegoen guztia egiten ari zirela, baina baliabideak "mugatuak" zirela.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 18a
Fernando Domínguez Nafarroako Osasun kontseilaria. Nafarroako Gobernua

Ekainaren 3an Nafarroako larrialdi zerbitzuetako 219 langilek idatzitako gutun bat argitaratu zuen Diario de Navarra egunkariak. Gutunean barkamena eskatu zieten egunero artatzen dituzten nafartarrei, "nahi ez bezala" artatzeagatik: "Gure lanean egunero aurre egin behar diogun errealitatea oso zaila da. Arreta eskaera geroz eta handiagoei erantzuteko langile nahikorik ez izateak gure lana mugatzen du, eta bete-betean eragiten dio eskaini dezakegun zerbitzuaren kalitateari".

Arreta eskaera geroz eta handiagoa eskaini behar izatea biztanleriaren zahartze prozesuari dagokiola adierazi zuten Nafarroako larrialdi zerbitzuetako langileek. Artatu beharreko jendea adinekoa denez, zaintza eta arreta handiagoa behar dute. NOU Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren zuzendaritzari zuzendu zitzaizkien, esateko azken urteetan larrialdi zerbitzuetako langileen kopurua igo bada ere ez dela nahikoa egungo beharrei erantzuteko. Herritarrei ospitaleetako larrialdi zerbitzuetara noiz joan behar diren hobe azaltzea ere eskatu zioten, ilarak edo itxaronaldi luzeak saihesteko.

Gutuna argitaratu ondoren, prentsaurreko bat egin zuen Fernando Domínguez Nafarroako Osasun kontseilariak. Besteak beste,adierazi zuen Nafarroako Gobernuko Osasun Saila "bere eskuetan dagoen guztia" egiten saiatuko dela larrialdi zerbitzuetako langile kopurua sendotzeko. Zerbitzu horietako langileak "intentsitate handiz" lan egiten ari zirela goraipatu zuen kontseilariak, baina gogorarazi zien baliabideak "mugatuak" direla. Horrez gain, herritarrei larrialdi zerbitzuak "arduraz" erabiltzea eskatu zien, maiatzeko datuetan oinarrituta: batez beste, Nafarroako hiru ospitaleetako larrialdietara joan ziren kasuen %40 osasun arretarako beste maila batzuetan arta zitezkeen, ez larrialdietan.

"238 lagun artatu ditugu zazpi ordutan"

Larrialdi zerbitzuen eguneroko jarduna barnetik bizitzeko eta kontatzeko, Diario de Navarra NOUren larrialdi zerbitzuetan izan da astelehen goizean. Egunkari horren arabera, itxarongela "beteta" egon da egun osoan zehar, eta zazpi ordutan –08:00retatik 15:00era bitarte– 238 lagun artatu dituzte medikuek. Langileen arabera, beren kopurua kontuan hartuta zerbitzuak egunean zehar 350 eta 380 lagun artean artatu ditzake. Nafarroako Osasun Sailaren arabera, igandeko 18:30etatik asteleheneko ordu berera arte 436 pertsona artatu dituzte larrialdi zerbitzuek.