Azken egunotan Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako irakasleen eta zuzendaritza taldeen aurka egindako akusazio larrien aurrean, Nafarroako hezkuntza publikoko irakasleon "Irakasleon duintasuna" taldeak adierazi nahi du ez dituela onartzen irakasleen aurkako salaketa tamalgarri horiek guztiak.
Jardunaldi aldaketaren bozketak “telegidatu” edo gidatu izana egotzi digute, alderdi interesatua izatea eta bozketetan lan interes argia duten hezkuntza agintaritza gisa jardutea familien aurrean, lotsarik gabe gezurretan aritzea eta egia erdiak kontatzea, informazioa ezkutatzea, botoan laguntzea eta parte-hartzea sustatzeko bizkotxoa eskaintzea ere. Familiek erabakitzeko askatasun eta gaitasunik ez balute bezala, ezjakintasunez eta irakasleen eraginez bozkatu dutela ere salatu dute.
Jardunaldi aldaketaren bozketak “telegidatu” edo gidatu izana egotzi digute, alderdi interesatua izatea eta bozketetan lan interes argia duten hezkuntza agintaritza gisa jardutea familien aurrean
Hori guztia gezur hutsa da, eta Nafarroako ikasleak egunero hezten dituzten pedagogoei izen ona kentzeko ahalegina. Izan ere, Hezkuntza Ikuskaritzak oso zorrotz jokatu du irakasle eta zuzendaritza taldeei dagokienez, prozesuan inpartzialtasuna exijituz eta ikuskatuz. Taldeok zorrotzak izan dira, nahiz eta erabaki horrek zuzenean eragiten zien haien lan baldintzei. Deigarria ere bada, izan ere, ikastetxeko Eskola Kontseiluak eskatuta hasten baitzen prozedura, eskola bakoitzeko hezkuntza komunitateko organo gorena den heinean, eta beraz, irakasleak bertako partaide aktiboak baitira.
Gogoratu behar da, halaber, aurtengo prozesuan, berrikuntza gisa, Departamentuak arautu zuela irakasleen klaustroari kontsulta ez loteslea baizik ez zitzaiola egingo, familiek botoa eman ostean.
Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu premiaz atera dadila bere hezkuntza profesionalak defendatzera halako eraso handi baten aurrean, eta gezur horien arduradunak ere lehenbailehen esandakoak zuzentzera deitzen ditugu.
Irakasleon duintasuna taldea