argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako inoizko aurrekonturik handienek ia erabateko adostasunez pasa dute zuzenketa fasea
  • Abenduaren 22an onartuko dituzte Nafarroako Gobernuko 2023ko aurrekontuak. Navarra Sumak izan ezik, gainerako alderdiek elkar zoriondu dute Legebiltzarrean erakutsitako adostasunagatik. Historiako aurrekonturik handienak izango dira Foru Erkidegoan: 5.749 milioi euro, 2022an baino %9,9 gehiago.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2022ko abenduaren 16a

2023ko Nafarroako Gobernuaren aurrekontuen bozketa tramite hutsa izango da aurten ere. Beraz, sorpresa galantik egon ezean, datorren ostegunean Foru Parlamentuko osoko bilkuran jatorrizko proposamenak jasotzen zituen 5.749 milioi euroko aurrekontuak onartuko dira, inoiz izan diren handienak, alegia, 2022koak %9,9an gaindituz.

Aurten ere, Maria Chiviteren legealdiaren lehenagoko hiru urteetan gertatu den moduan, Navarra Suma izan da aurrekontuen aurka agertu den alderdi bakarra. Babesik lortu ez zuen osoko zuzenketa aurkeztu ondoren, zuzenketa partzialen txandan, 707tik 382 zuzenketa Javier Esparzaren alderdiarenak izan dira, erdia baino gehiago. Geroa Baik 93 aurkeztu ditu, PSNk 83, EH Bilduk 47, Izquierda-Ezkerrak hamabost eta Ahal Duguk hamalau. Horiei beste 89 gehitu behar zaizkie, alderdi ezberdinen arteko konbinazioen ondorioz.

Hauteskundeak gertu

Onartutako 347 zuzenketetatik bakar batek ere ez du Navarra Sumaren aldeko bozka jaso. Gainerako taldeek datorren maiatzeko hauteskundeei begira eginiko estrategia moduan interpretatu dute hori, eta jarrera “arduragabea” leporatu diote UPN, PP eta Ciudadanosek osatzen duten koalizioari.

Bestalde, Gobernua babesten duten alderdiek positiboki baloratu dute haien arteko adostasun orokorra eta PSNren bozeramaile guztiek Chiviteren agintaldia luzatzeko itxaropena adierazi dute, behin baino gehiagotan. Geroa Baik, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak Gobernuaren “egonkortasuna” nabarmendu dute.

Horiek guztiek, baita EH Bilduk ere, izan duten ia erabateko adostasun horren ideia bat egiteko, oso esanguratsua da honako datu hau: Gobernuak pasa den urrian aurkeztutako aurreikuspenekiko, onartutako zuzenketek barne hartzen dituzten puntuek aurrekontuen diruaren %0,3 baino gutxiagori eragiten diete. Hau da, gainerako %99,97 berdin-berdin geratu da.