Informazioaren arloko dozenaka profesional bildu dira ostegun arratsaldean Iruñeko Gazteluko Plazan, Gazan kazetari lanetan ari direnen aurka Israelgo armada egiten ari den sarraskia salatzeko.
Komunikazioa eta informazioaren arloko dozenaka kazetari bildu dira agerraldian, Gazan kazetaritzan ari diren pertsonen eta bertako herritarren aurkako “hilketa sistematikoak” salatu eta gelditu daitezen eskatzeko.
Manifestuan adierazi dutenez, "Israelek Gazan nazioarteko prentsaren sarbidea blokeatzen duen bitartean, bertako kazetariak munduko leiho bakar bihurtu dira han gertatzen denari buruz jakin eta ezagutzeko, eta beren bizitzekin ordaintzen dute informazio-lana egiteagatik".
Hedabideen aurrean irakurritako manifestuan adierazi dutenez, Mugarik Gabeko Erreportarien arabera, 2024an Palestina munduko herrialderik arriskutsuena bihurtu zen kazetarientzat: "200 komunikazio-profesional inguru hil zituen Israelgo armadak gerrako lehen 18 hilabeteetan Gazan, horietatik 42 lanean ziharduten bitartean edo beren eginkizunen ondorioz”. Zisjordanian ere berdin eraso egiten dietela, eta edonola, krimen horien guztien aurrean araua zigorgabetasuna dela azpimarratu dute.
Egoerak, gainera, baretzera baino gogortzera egin duela adierazi dute: “Pasa den abuztuaren 10ean Al Jazeerako bost kazetari eta kolaboratzaile hil zituzten. Horien artean Anas al-Sharif, Gazan oso ezaguna zen erreportaria. Atseden hartzen ari ziren denda bonbardatu egin zuen Israelek”.
Astelehen honetan, halaber, beste bost kazetari hil zituen, “Gazako hegoaldeko ospitale batek jasandako bonbardaketa baten ondorioak zuzenean ematen ari ziren bitartean”. Reuters, Al Jazeera eta Associated Press bezalako enpresentzat egiten zuten lan.
Salatu dutenez, Gazan gero eta baldintza zailagoetan egiten dute lan eta gainera inolako babesik gabe: "Gatazka-guneetan dauden kazetariak Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak (NZH) babesten ditu. Zuzenbide horrek edozein pertsona zibili ematen dizkion eskubide berak ematen dizkie kazetariei, eta haien aurkako erasoak debekatzen ditu, Genevako Hitzarmenen I. Protokolo Gehigarriaren 79. artikuluaren eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen arabera".
Horregatik guztiagatik, manifestuan hiru eskakizun egin dituzte: "Bat, Gazako biztanleriaren eta kazetarien zein komunikabide-langileen aurkako erasoak berehala bertan behera uztea; bi, dokumentatutako hilketa bakoitzetik independenteak diren nazioarteko ikerketak egitea; eta hiru, prentsaren zirkulazio askerako eta lan independenterako benetako bermeak, bertakoak zein nazioartekoak izan, kaltetutako lurralde guztietan, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak adierazten duen bezala".