argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako hauteskundeak lau irudietan (eta II): botoen banaketa historikoa
  • Aurreko sarreran eserlekuekin ikusi duguna baliozko botoekin ikusi daiteke ere bai. Lehenengo irudiak hiru segmentu irudikatzen ditu, alde batetik boto nazionalista espainola, konstante mantendu izan zena %70aren gainetik 2011ko erorketa arte, %60a eskuratu zuen. Aldaketa 2003an eta 2007an hasi zen mamitzen, ezkutatua zenbakietan Ezker Abertzalearen lege kanporatzeagatik.

Asier Blas Mendoza @AxiBM 2015eko maiatzaren 24a

Horregatik, behin aukera politiko guztiak hauteskundeetara aurkezteko modua izan zutenean 2011ean, federalistek eta abertzaleek gora egin zuten nabarmen. Abertzaleek beraien boto guztiak eserleku bilakatu zituzten inoiz lortu zuten emaitza erlatiborik hoberenarekin. Bestalde, federalisten artean botoen %3a ordezkaritza gabe gelditu zen (besteak beste, berdeak); Ezkerrak bere %5,7arekin izan zen eserlekuak lortzeko aukera izan zuen aukera bakarra espazio soziopolitiko horretan. Oraingoan aldiz, badirudi federalisten artean botoak gehiago aprobetxatu ahal izango direla gehientsuenak eserleku bilakatzeko. Baina, adibidez, Ezkerrak Parlamentuan mantentzea lortuko ez balu oso kaltegarria izan daiteke aldaketaren aldeko indarrentzat, izan ere, botoen %2tik gora seguruenik zaborrontzira joango liratekelako.

Nire ikuspegitik azkeneko grafikoa da garrantzitsuena. Honetan Ezker Abertzalearen baliogabeko botoak kontabilizatzen dira eta orohar, hauteskunde erroldarekin lan egiten da. Hemen lau familia ideologikoak zentro-periferia ardatzean eta abstentzioa jasotzen dira. Abstentzioaren batezbestekoa %29,8a izan da, altuena 1995ean %33,7arekin eta baxuena 2007an %24,6arekin. Hauek dira gainontzeko datuak:

*Sozialisten batezbestekoa: %16,8; baxuena 10,6 (2011); altuena 24,9 (1983)

*Eskumaren batezbestekoa: %30,2 – baxuena: 26,1 (1983); altuena: 33,7 (1995) eta 33,2(2007).

*Federalisten batezbestekoa: %3,4 – baxuena 0,4 (1983); altuena: 6,3 (1995).

*Abertzaleen batezbestekoa: %16,5 – baxuena: 11,3 (1995); altuena: 20,2 (2007) eta 19,1 (1987, 2011).

Hauteskunde erroldari begiratua hausnarketa azkar bat. Abertzaleen emaitza erlatiborik hoberenak (2011) ez ziren eman emaitza absolutu hoberenekin (2007). Izan ere, azkeneko deialdian badirudi abstentziora jo zutela aurrekoetan boto espainolista eman zuten hautesle batzuek. Zentzu horretan, badirudi 26 eserlekuen marka lortzetik gertuago egongo direla indar alternatiboak baldin eta partehartzea ez bada asko igotzen, partaidetzak gora egingo badu dezente, zailago izan dezakete 26ko marko lortzea. Baina bola magikorik ez dugunez, ordu batzuk itxarotea tokatuko zaigu.