Tatiana Castañeda bidegurutzean

  • Tatiana Castañeda bidegurutze batean dago. Babes Ofizialeko pisu batean bizi da, alokaturik, bere lau seme-alabekin eta bilobarekin batera. Langabezian dago. 350 euro jasotzen ditu hilean, eta pisua ordaintzeko 600 bideratu behar ditu (480 euro alokairuagatik, 120 euro komunitate-gastuengatik). Hilabete asko dira aritmetika aldrebes honen barruan bizi dena. Alokairuaren munta kalkulatzeko garaian, lanean zebileneko errenta aitorpenak hartu dizkiote kontuan. Hartara, Nafarroako Gobernuak ez dio etxea ordaindu ahal izateko diru-laguntzarik ematen.


2014ko otsailaren 07an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Castañedak ez du Elikagaien Bankuari esker jaten jarraitu nahi. Iruñeko Sanduzelai auzoan PAH-k berreskuratu dituen etxeetan bizi nahiko luke, edo Quitora itzuli, orain 14 urte atzean utzi zuen sorburura. (Argazkia: K. Azkune Etxabarri)

Nasuvinsa enpresa publikoak kudeatzen du bere alokairua. Etxean bost urte betetzen dituenean kontratua ez diotela berrituko iragarri diote. Arrazoia, urte osoa ordaindu gabe eman duela, bost mila euroko zorra duela, eta arauak horrelakoak direla. Tatianari komunitatea ordaintzeko baino ez zaio iristen. Eta gainerakoarekin familiari sostengua eman behar dio. Nasuvinsako bulegoetan bere egoeraren berri badute, eta adierazten duen ezinegona ulertzen dutela erantzuten diote, baina inork ez dio irtenbiderik ematen, eta erlojuaren orratzek ez dute etenik. 

Lanean hasi nahi du, lehenbailehen. Ez du Elikagaien Bankuari esker jaten jarraitu nahi. Ez du, hilabete bukaerara iritsi ahal izateko, poltsikoan duen txanpon bakoitza zenbatzen ibili nahi. Iruñeko Sanduzelai auzoan PAH-k berreskuratu dituen etxeetan bizi nahiko luke, edo Quitora itzuli, orain 14 urte atzean utzi zuen sorburura, han bederen ez zaio sabairik faltako. Baina nondik lortu billeteak erosteko diru adina? Bere familiak karrikan amaitu dezakeela pentsatze hutsak sortzen dion ezinegona burutik kentzearren, edozer egiteko prest dago.

Adorea izan behar du, ezin da uzkurtuta gelditu. Kaleratze agindua edozein momentutan hel dakioke. Berriki, Eguesibarko gizarte zerbitzuetan Oinarrizko Errenta eskatu du. Hiru hilabetez atzeratuko da, gutxienez, erantzuna. Onartzen badiote, zati handi bat lagun eta auzokideekin pilatu dituen zorrak kitatzeko erabiliko du. Eta bien bitartean, zer? Tatianak jendaurrean bere egoera azaltzeko lotsak galdu ditu. Irtenbidea behar du, epeak agortuz baitoaz.

Sarrigurengo (Eguesibarra) kafetegi batean elkartu gara berarekin. Ez du ezer hartu nahi izan. Latinoamerikarren doinu gozoaz, bere iragana eta oraina izan ditu hizpide. "Ongi nagoela dirudi, baina ez nago ongi" ohar egin digu elkarrizketari heldu aitzin.

Tatianaren profila asko errepikatzen da Babes Ofizialeko alokairua ez ordaintzegatik kalera botatzen dituztenen artean: emakumea, familia burua, seme-alaben ardura bere gain duena, langabea. Beraiek dira kaleratze baten biktima izateko hautagai errazenak.

Nola lortu zenuen Babes Ofizialeko alokairua?

Quitotik iritsi eta bi urtera paperak eskuratu nituen. Paperei esker nire seme-alabak ekarri nituen, eta horiekin batera nire senar-ohia etorri zen. 2006an bikote ohiak jipoitu ninduen. Astebetez ingresaturik izan nintzen. Ebakuntza egin behar izan zidaten, masailezurra atera zidalako. Ez dakit nolakoa den hemengo justiziaren funtzionamendua. Gizon horrekin izan nuen borrokan, atzamarkada bat marraztu nion aurpegian. Epaileak epaia eman zuenean, elkarren arteko agresioa izan zela erabaki zuen. Egun gutxi batzuk eman zituen preso. Urruntze agindua ezarri zioten.

Baina zure senar ohiarekin bizi zinen?

Ez, Ekuadorren bananduta geunden. Beti bakarrik bizi izan naiz, nire seme-alabekin. Bere familia berreskuratzeko xedearekin etorri zen hona, hegoamerikar askoren artean indarrean dirauen matxismo horrek bultzatuta. Onartezina egiten zitzaion nik utzi izana, eta trikimailu guztiak erabili zituen haurrak nire kontra jartzeko.

Eta jipoia eta gero, berarekin itzuli zinen?

Ez. Berak bikotea zeukan. Baina nik elikagai-pentsioa eskatu nion. Horregatik oldartu zen berriz gure kontra. Nik ezin izan nuen egoera hori gehiago jasan. Urtebetez izan nintzen antsietateak jota, depresioaren aurkako botikak hartuz, antsiolitikoekin, Emakumea artatzeko Zentruko psikologoekin. Bien bitartean, Vinsan (Viviendas de Navarra) Babes Ofizialeko etxe baten alokairua lortzeko paperak bete eta bete nenbilen. Lehenengo jipoia eta bi urtera, berriz kolpatu ninduen. Donibane auzoko etxearen atarian zegoen zain, eta nire alabaren aurrean hiru ukabilkada eman zizkidan. Ez zuen jarraitu auzolagunak ni laguntzera etorri zirelako.

Eraso hori zela-eta preso sartu behar zuten, eta epaiketa nahiko aurreratua zegoelarik ihes egin zuen. Oraindik ez dakit nire senar ohia non ote dabilen. Bigarren agresio horrekin Vinsan nire pisu eskaerari kasu egin zioten.

Hala Ekuadorren nola hemen, nahiko bizitza tristea izan dut. Badakit herrialde honek ez duela niri gertatutakoaren errua, baina, hemen, oso gogor borrokatzea tokatu zait.

Zenbat ordaintzen zenuen Donibane auzoko pisuagatik?

Donibanen 600 euro ordaintzen nituen hilero. Lan eta lan nenbilen dirutza hori ordaindu ahal izateko. Sarrigurenen pisua eman zidatenean, seme-alaba guztiak ekarri nituen. Nagusiak 21 urte ditu, bigarrenak 18 beteko ditu otsailean, hirugarrenak 16, eta laugarrenak 14 egin ditu urtarrilean. Gainera, gure bilobarekin ere bizi gara. Guztira, etxea sei kidek partekatzen dugu. Nire seme-alabek mota guztietako buru-arazoak izan dituzte, oso larriak batzuk, eta psikologo, gizarte langile eta orientatzaileen laguntza jaso dute. Noski, nik ez diet nire egoera ekonomikoaren berri ematen, baina beraiek ohartzen dira, eta geroz eta okerrago eramaten dute.

Langabezian jarraitzen duzu?

Bai. Ate guztietan jo dut nire egoera ekonomikoaren berri emanez: Nasuvinsa, Etxebizitza Departamentua... Pisua ordaindu ahal izateko, egun bizi dudan egoera kontuan har dezatela eskatu diet. 350 euro jasotzen ditut hilean, ez besterik. Orain Oinarrizko Errenta (RIS, gaztelaniazko sigletan) eskatu dut, baina hiru hilabete barru erabakiko dute ematen didatenetz, eta ordurako zor mordoa izanen dut nire lagun eta auzokideekin, eta beraiei ordaintzeko bideratu beharko dut zati handi bat.  Kale gorrian bukatzea da gehien sufriarazten didana. Momentu hori iristen denean, ez dakit nola azalduko diedan nire seme-alabei etxerik gabe geratu garela.

Komunitatea besterik ordaintzen ez duzunez, presioa egiten al dizute Nasuvinsatik?

Joan den astean nire alokairua berritzeko paperak eramatera joan nintzen. Berrituko ez zidatela aurreratu zidaten, 5.000 euroko zorra bainuen. Nire kasua berriz azaldu nien, baina beren esku ez zegoela arrazoitu zidaten, Gizarte Ongizate Departamenduaren esku baizik. Eta ez hori bakarrik, aurten kontratua berritu izan balidate ere, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik ez zegokidala esan zidaten. Orain diru-laguntza jasota horrela banabil, nola ibiliko nintzateke diru-laguntzik gabe? Kontua da ordaindu behar dudana neurtzeko 2012ko errentari erreparatzen diotela, eta orduan ni lanean nenbilen.

Hilabeteak eman ditut argirik gabe, elikagai bankuetan janaria eskatzen, eta nire seme-alabek hilabetean bitan jaten dute haragia. Nituen bitxi guztiak ere saldu ditut.

Zein izan zen zure azken lana?

Lau urte eman nituen Barañaingo garbitoki batean. Arduraduna nintzen. Langabeziara bota gintuzten negozioak porrot egin zuenean. Sekula ez naiz langabezian egon. Lehenengo hilabetetan garbitokian kobratzen nuenaren %80 ordaindu zidaten; baina hortik aurrera %50era jaitsi zidaten langabeziaren munta. Ekainean agortuko zait laguntza. Subsidioa eskatzerik badudala esan didate (426 euro hilean), baina hilabete batez itxaron beharko dudala hori jaso ahal izateko. Hilabete oso bat dirurik gabe! Zer arraio jango dugu?

Zer eskatuko zenioke Nafarroako Gobernuari?

Nire larruan jartzea eskatuko nioke, familia asko kinka larri berean gaudelako. Gure ekonomiaren errealitatea aztertu dezatela eskatuko nioke, eta ordaingarria izan daitekeen pisu bat eman diezagutela. Alokairu sozialeko etxe bat aldarrikatzen dut. 350 euro jasotzen ditut hilean. Alokairua ordaindu ahal izatea eta diru apur bat jateko eskatzen dut, eta kitto. Ezin dut gehiago agoantatu. Oso erreta nago. Curriculumak nonahi banatu ditut, baina hain dago zaila egoera!

Tatiana Castañeda bere egoeraren berri ematen Nafarroako Parlamentuan:


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prekarietatea
2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Indarberriturik atera dira sektore publikoko langileak, hirugarren greba egunean

Sindikatu deitzaileen arabera, ikasturte honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan antolaturiko greben artean jendetsuena izan da asteartekoa, eta batez ere garraio publikoan, hezkuntzan eta udal esparruan izan du eragin handiena. Manifestazioetan 30.000 lagunek... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Langile bat hil da Arrasaten; urtea hasi denetik, 17

Astelehen arratsean gertatu da ezbeharra, Arrasaten, hiru metroko sakonerara erorita.


2024-02-15 | ARGIA
Langile bat hil da Olaztiko zementu-enpresa batean

Ostegun eguerdian gertatu da ezbeharra Cementos Portland enpresan, Olaztin. Urtea hasi denetik 15 langile hil dira Euskal Herrian.

 


Hiru egunetik behin langile bat hil da Euskal Herrian, urtea hasi zenetik

Durangon 47 urteko langilea hil da asteartean eta jadanik istripuz hildako 14. behargina da aurten Euskal Herrian, LABek emandako datuen arabera. Fumbarri lantegiko teilatuan lanean ari zela erorita hil da langilea eta azpikontrataturiko enpresa batentzat ari zen. Sindikatuek... [+]


Eguneraketa berriak daude