Nafarroan ETB ikusi ahal izateko Espainiako Gobernuak multiplex berria ez duela jarriko jakinda, Bilduk azalpenak eskatu zizkion ostegunean Nafarroako Gobernuari. Sanchez de Muniain gobernu ordezkariak adierazi zuenez, Industria Ministerioak hartutako erabakia teknikoa eta orokorra da.
Bilduko Maiorga Ramirezek, parlamentuko osoko bilkuran, Juan Luis Sanchez de Muniain gobernuaren eledunari adierazi zion hedabideen bidez jakin zutela Espainiako Gobernuak multiplex berria jartzeko eskariari ezetz esan ziola. Hortaz gain, Ramirezek galdetu zion zergatik ez duten hala egingo, eta ondorioz, ETB lurreko telebista digitalean ikusi ahal izateko zer egitea pentsatzen duten. Sanchez de Muniainek erantzun zionez, Espainiako Industria Ministerioak ez du bigarren multiplexa emateko asmorik eta daudenak kendu egingo ditu. Gaineratu zuen erabakia ez dela arrazoi ideologikoengatik hartu, erabakia teknikoa dela, eta ETB ikusteko bide legalak aztertzen jarraituko dutela. Ramirezek erantzun zion gezurrik ez esateko, 25 urte daramatzatela egoera normalizatu gabe eta sinesgarritasunik ez dutela.