argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak ezingo ditu berreskuratu Senda Vivan inbertitutako 79,4 milioi euro
  • 2001ean ireki zenetik, Nafarroako Gobernuak ia 80 milioi euroko inbertsioa egin du Nafarroako jolas-parkean. Aurten beste 5,8 milioi jarriko ditu eta datorren urterako inbertsio berriak iragarri ditu.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko azaroaren 24a
Argazkia: Senda Viva

Nafarroako Gobernuak beti esan du Senda Viva herrialderako proiektu estrategikoa zela eta horretarako inbertsio handiak egin izan ditu proiektu pribatu batek kudeatzen duen jolas-parkean. Rebeca Esnaola kultura sailburuak jakinarazi duenez, parkeak 60.000 bisita behar ditu urtero galerarik izan ez dezan.

Kontseilariak ez du zehaztu inbertsioak zertan egingo diren, baina argitu du batez ere esparru digitalean gauzatuko direla, horiek baitira gaur egun parkeen munduan egiten direnak, “erabiltzaileak unean uneko jardunean esperientzia emozional handienean murgildu daitezen”.

Diru publikoa, jabego pribatua

Nafarroako Kontuen Ganberak hilabete honetan bertan argitaratu du Senda Vivari buruzko txostena, EH Bilduk eskatuta. Horretan zehazten da 2001ean jolas-parkea ireki zenetik foru gobernuak 79,4 milioi euro jarri dituela eta parkea kudeatzen duen Parquenasa enpresaren egoera ikusita, zail ikusten duela gobernuak diru publiko hori berreskuratu ahal izatea.

Txostenean zehazten denez Parquenasaren sorreran Sodena sozietate publikoak eta lau kide pribatuk parte hartu zuten: Parque de Atracciones Turismo y Actividades lúdicas internacional S.L. (kapitalaren %25 izango luke), Grupo Corporativo Empresarial de la Caja de Ahorros y Monte de Piedad de Navarra (%15), Construcciones Sanzol S.A. (%10) eta Grupo La Información S.A. (%5).

Kontuen Ganberak esaten duenez, 2023an “parkea saltzeko aukera gutxi zegoela ikusita, Sodenak bere akzioak Arena kiroldegia eta Baluarte kudeatzen dituen Nicdo sozietate publikoaren esku uztea erabaki zuen. Sal-erosketa aurtengo urtarrilean gauzatu zen, prezio sinbolikoan: euro bat. Geroztik, Nicdok enpresaren %45 dauka, La Información-ek %25,71, Hiscan Patrimoniok %17,86 eta Pronaocio-k %17,86”.

Horren ondorioz, orain diru publikoa mailegu gisa beharrean, zuzeneko diru-laguntza gisa bideratzen da eta Kultura Departamentuak, aurten, 5,8 milioiko diru-laguntza du aurreikusia Parquenasari emateko.

Kontuen Ganbara oso kritiko ageri da Parquenasaren izaera juridikoarekin eta haren paradoxa azpimarratzen du: "Enpresa pribatua da, kide publikoa gutxiengoan dagoelako, baina diru-ekarpena egiten duen bakarra kide publikoa da”.

Eta jarraitzen du, “beraz, enpresa pribatuaren izaerari eusteak ez du zentzu handirik. Izan ere, etengabeko eta azpiegiturazko defizit handia du eta ez dago finantzaketa pribatua lortzeko modurik. Horregatik, Kontuen Ganberak Parquenasa enpresa publiko bihurtzea eskatzen du”.